Joan den urteko arrakasta ikusita, Doneztebeko Elkartasuna Kasinoak Basurde Biker Bestaren bigarren edizioa antolatu du asteburu honetarako, maiatzak 17 eta 18rako. Harley Davidson, Customs eta antzinako bertze hainbat marketako motor klasikoak ikusgai izanen dira herrian barna. 300 lagunek parte hartu ahal izanen dute gehienez. Informazio gehiagorako 679 972920 telefonora deitu edo n948450856@wanadoo.es helbidera idatzi daiteke. Aipatu, ortziraletik izanen dela kanpina paratzeko aukera.
Larunbatean motor erakusketa
Larunbatean 10:00etatik aitzinera hasiko dira ekitaldiak, orduan irekiko baita izena emateko epea. Arratsaldeko 17:00ak arte zabalik egonen da. Goizetik hasita, motor erakusketaz gain, arropak erosi eta piercingak eta tatuajeak egiteko aukera eskainiko da. Eguerdian bazkaria eginen da, Argentinako menua dastatuz. Arratsaldean, jokuak izanen dira eta horiekin batera sariak banatuko dira. Gauean afaria izanen da, eta ondotik lau taldek kontzertua eskainiko dute; Maldita banda, De 2 en Blus Band, Sparto (Tributo a Judas Priest) eta Zenzerock taldeek.
Igandean gosaria eta irteera
Igandea, maiatzak 18, gosariarekin hasiko dute. Gosalondoren turismoa eginez irteera eginen dute euren motorrekin parte hartzaileek. Eguerdian eginen duten bazkariarekin emanen diote aurtengo bestari akabera.