850 Hektarea erre dira Nafarroan neguko suteetan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 15a

Joan den urteko kopurua hirukoiztu egin da

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 15etik apirilaren 15era neguko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpaina erretako 850 Hektarearein akautu da, joan den urteko kopurua hirukoiztuz. Zehazki, aurten erre diren 850 Hektarea horietatik gehienak, 713, zuhaitzik gabekoak ziren, sasiak eta larreak. Ehun Hektarea eskas zuhaiztiak ziren eta gainerako 37 Hektarea terdi nekazaritza eremuak. Suhiltzaileek 575 ateraldi egin behar izan dituzte.

Joan den urtean erretako kopurua hirukoiztu da aurten

2007ko kanpainan 255 Hektarea erre ziren, horietatik 248 oihan eremuak ziren eta horren barrenean 50 Hektarea zuhaiztiak ziren. Nafarroako Gobernutik emandako datuen arabera, negu honetan aitzineko lau neguak elkartuta baino hektarea gehiago erre dira eta 2002 urtera arte joan behar da datu kaxkarragoak topatzeko. Halere, aipatu behar da aurtengo negua hagitz idorra izan dela eta haizegoa ibili denez, tenperatura goxatu eta landaredia idortu egin da, normalean baino gehiago.

Baimendutako eta gainbegiratutako suteak

1.229 Hektarea hartzen zuten baimendutako 340 sute izan dira negu honetan, eta talde bereziek gainbegiratuta kontrolpeko suteak egin dira Baztan eta Auritzen. 317 Hektarea erre dira 31 sute hauetan. Halere, Nafarroako Gobernuaren araudia ez omen dute kontuan hartzen pertsona aunitzek sua ematerako orduan eta horren eraginez gertatu dira sute aunitz.

Hilabete txarrena otsaila

Hilabete txarrena otsaila izan zen, 678 Hektarea terdi ere baitziren 259 suteetan; martxoan 175 sute izan ziren eta 87 Hektarea erre ziren; urtarrilean 61,2 Hektarea erre ziren 87 suteetan eta apirilean, hilaren 15a arte, 54 sute izan ziren eta 23,2 Hektarea erre ziren. Beraz, hiru hilabete hauetan izandako 575 suteetatik 444 konatoak bertzerik ez ziren izan eta Hektarea bat baino guttiago erre zuten. 64 sutek 10 Hektarea baino guttiago erre zuten eta 18 sutek hamar hamar Hektarea baino gehiago. Hauetatik gehienak Baztan inguruan izan ziren, hamar hektarea baino gehiago 12 sutetara atera baitziren Oronozko suhiltzaileak. Guzira 99 ateraldi egin behar izan dituzte Oronoztik. Izan ere, Nafarroa osoan kaltetutako hektarean erdia baino gehiago Baztanen daude. Elizondon gertatutako bi sutetan, bakoitzean 60 Hektarea baino gehiago erre ziren.

Azken hamar urteotako kopuruak

Neguko kanpainako azken hamar urteetako datuei erreparatuz, 1999an 111 sute gertatu ziren eta 258,45 Hektarea erre ziren;
2000garren urtean 280 sute izan ziren eta 674,16 Hektarea erre;
2001a izan zen urterik onena, 39 sute bakarrik izan baitziren ziren eta 62,59 Hektarea erre;
Onenaren ondotik, 2002a izan zen urterik txarrena. 396 sute izan ziren eta 1.569,74 Hektarea erre ziren, horietatik 289,24 zuhaiztiak;
2003ean 148 sute izan ziren eta 296,17 Hektarea erre ziren;
2004ean izandako 67 suteetan 84,91 Hektarea erre ziren;
2005ean 412 sute izan ziren eta 415,7 Hektarea erre ziren;
2006an sortu ziren 264 suteetan 107,37 Hektarea kixkali ziren;
2007ko 232 suteetan 255 Hektarea erre ziren eta,
2008ko kanpainan 575 suteetan 850,86 hektarea erre dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun