Denboraldi berria ezin hobe hasi da Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi gidariarentzat eta bere kirol ibilbideko emaitzarik onenak lortu zituen lehen proban. Joan den asteburuan, maiatzaren 10 eta 11n jokatu zen Montmelóko zirkuituan hamargarren GP Camió de catalunya Sari Nagusia, Europako kamioi txapelketarako eta Espainiako Koparako baliagarria.
Entrenamendu saioan hamargarren
Doneztebeko Ederki tailerren eskuderiako Man TGS 480 kamioi berrituak 1.100 zaldiko potentzia ematen dio motor berria estreinatu zuen Katalunian. Horrek, sailkapenaren erdialdetik aitzinerako postuetara saltoa emateko itxaropena eman zion Doneztebeko taldeari, baina kamioi gidariaren eta taldearen lanak sari handiagoa lortu zuen. Larunbateko entrenamendu saioan hamargarren postua eskuratu zuen eta hori gurpila zulatuarekin egin zituela azken itzuliak.
Ikusmen eskasaren kontrako taktikak emaitza bikaina
Larunbateko lasterketa orduan izugarrizko euri, haize eta kazkabar erauntsia egin zuen eta ikusmena hutsaren hurrengoa zen Montmelóko pistan. Gainera, bederatzi kamioi aitzinetik zituela kontuan hartuz, lehen itzulian metro batzuk gibelera gelditu eta ikusmena irabaztea erabaki zuen Javier Mariezkurrenak. Taktika horrek berehalako emaitza eman zion Doneztebeko kamioi gidariari, lehenbiziko bihurgunean aitzinetik zituen bederatzi kamioietatik zazpi istripua izan baitzuten. Honela, hasierako itzulietan Europako txapelketarako bigarren postuan ibili zen aurten Truck Navarra Competicion taldean ari den Mariezkurrena. Baina, eguraldi iragarpenek ez zuten hainbertzeko euririk eman eta doneztebarraren kamioien gurpilek ezin izan zioten erritmo horri eutsi. Dena den, azkenean seigarren postua eskuratu zuen Europako txapelketan eta lehenbizikoa Espainiako Kopan. Beraz, podiumaren goitiko koxka probatu ahal izan zuen Mariezkurrenak denboraldiko lehen proban.
Igandean bigarren Espainiako Kopan
Igandean, maiatzaren 11n, gauzak okerxeago joan ziren, baina halere meritu handiko lasterketa egin zuen. Lehenbiziko bihurgunean pistatik kanpora bultzatu zuten doneztebarraren kamioia, baina halere poliki-poliki postuak aitzinera egin zituen. Azkenean, Europako txapelketan zazpigarren postua eta Espainiako Kopan bigarrena lortu zuen igandean. Gisa honetara, lehenbiziko asteburu honen ondotik, Javier Mariezkurrena Espainiako Kopako sailkapen buruan dago. Halere, postu hori mantentzea zail izanen du, gaur egungo kamioi gidaririk onena, Antonio Albacete izanen baitu arerio. Espainiako gidariak Europako txapelketa irabazia du eta Man kamioi ofizialaren jabe da. Beraz, Ederki tailerraren Man kamioi pribatuak baino aukera gehiago ditu, dudarik gabe.
Maiatzaren 24 eta 25ean Missanon (Italia)
Hurrengo lasterketa Italiako Missano zirkuituan izanen dute Javier Mariezkurrenak eta Ederki tailerraren eskuderiak, maiatzaren 24 eta 25eko asteburuan. Lehen jardunaldi emankorraren ondotik, itxaropentsu joanen dira.