Erreka elkarteak bloga dauka Interneten

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 14a

Pala txapelketa ere larunbat honetan abiatu da hamar bikoterekin

Doneztebeko Erreka elkartearen ekitaldien berri eman, emaitza eta argazkiak bildu eta bertzelako informazioa jasotzen duen bloga ezarri dute Internet-en. www.cderreka.blogspot. com da blog hori, eta euskaraz eta gazteleraz dago informazioa. Bertzeak bertze, Errekaren Eguneko ekitaldiez gain, pala txapelketa emaitzak ageri dira, eta berriki Noelia Ariztia judokak Espainiako txapelketan lortu duen bigarren postuari ere aipamena egiten zaio. Horiek eta bertze hainbertze kontu ageri dira blog berrian. Elkartetik argi utzi nahi izan dute, ez dela Errekaren web orri ofiziala. Hala, argitaratzen denaren erantzulea ez omen da Elkartea izanen. Edozeinek eskaini dezake bere kolaborazioa eta horregatik, informazioa jasotzeko helbide bat ere jakinarazi dute: errekaelkartea@yahoo.es.

Pala txapelketa

Bertzalde, asteburu honetan abiatu da Erreka elkarteak aurten berreskuratu duen pala txapelketa. Hauek izan dira lehen jardunaldi honetako emaitzak:
Guille eta Cesarrek 30, Felipe eta Juanek 10;
Larralde eta Lakostak 30, Bittor eta Xakok 7;
Sergio eta Umbertok 30, Andueza eta Txoperenak 13 eta
Melo eta Josebak 30, Attono eta Andonik 25.

Guzira hamar bikotek eman dute izena txapelketa honetan eta bi taldetan banatu dira. Partiduak larunbat arratsaldetan jokatuko dira Doneztebeko frontoian eta finala ekainaren 21ean izanen da.

Erreka Eguna

Erreka Kirol Elkarteak antolatuta, maiatzak 31, larunbata, besta eguna izanen da Donezteben. Denboraldi bukaerari behar bezalako akabera emateko, ekitaldiak prestatu dituzte. Errekaren egun guztian kirol ekitaldiak izanen dira: pala, eskubaloi, areto futbola eta bertze hainbat partida. Ilunabarra hurbiltzearekin batera, herri afaria eginen da eta afalondoan Jalisko Band taldearekin dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun