Amaiurrek emakumezkoetan eta Berriozar B-k mutiletan jantzi dituzte Nafarroako Luko Sokatira Txapelketako bi txapelak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 13a

Hiru jardunaldi jokatu ondoren, larunbatean akautu zen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa Errotxapea auzoan. Bi pisutan aritu dira lehian Nafarroako sokatiralariak, eta hondar jardunaldia baino lehen sailkapen orokorrean aitzinetik ziren bi taldeek jantzi dituzte txapelak; hau da, emakumezkoen 260 kilokoan, lehen aldiz lehiatu den Amaiurrek lortu du txapela eta gioznezkoen 310 kilokoan Berriozarrek. Larunbateko tiraldiak jokatu aitzin, oraindik bazuen saioak erakargarritasunik, ez baitzegoen erabat erabakita pisu bakoitzeko txapela nork eramango zuen. Horregatik, beharbada, ikusle ugari bildu zen proba ikusteko, 200 lagun inguru.

Emakumezkoetan tiraldi parekatuak eta lehiatuak egin zituzten Errotxapean Amaiurrek, Sakanak eta Lesakako Beti Gaztek. Hain justu, hiru talde horiek berdindu egin zuten azken jardunaldian. Beti Gaztek irabazi egin zizkion bi tiraldiak Sakanari; Sakanak, berriz, Amaiurri eta baztandarrek Beti Gazteri. Ondorioz, bosna punturekin akautu zuten saioa, baina txapela Amaiurrek jantzi zuen, bi puntuko aldea kentzen baitzion Sakanari saioa hasi aitzinetik. Beraz, sailkapen orokorrean nagusi eta txapeldun Amaiur izan zen 17 punturekin; Sakana bigarren 15 punturekin; Lesakako Beti Gaztek 13 puntu; Berriozar Ak 9 puntu; Txantreak 5 puntu eta Berriozar Bk 4 puntu. Gizonezkoen 310 kilokoan ere txapela jokoan zegoen, Berriozar B-k puntu eta erdiko aldea zuelako Amaiur C-rekiko saioa jokatzen hasi aitzinetik, eta alde horrek ez zion Berriozarko taldeari erabateko lasaitasuna ematen. Hala ere, Berriozar gailendu zen beren arteko txandan, bigarren jardunaldian gertatu zen bezala. Gainerako postuak aski finkaturik zeuden, eta ez zen ezusterik gertatu. Ondorioz, Berriozar B-k jantzi du txapela, 17 puntu terdirekin; Amaiur Ck 15 puntu terdi eskuratu ditu; Berriozar Ak 12 puntu; Amaiur Ak 9 puntu; Amaiur Bk 6 puntu eta Txantreak puntu bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun