«Europako txapelketan parte hartzea litzateke orain nire helburua»

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 13a

TTIPI TTAPA

• Noelia Ariztia, 21 urteko judoka doneztebarra bigarren izan zen apirileko azken aste hondarrean Madrilen jokatu zen Espainiako judo txapelketan.

Noelia Ariztia doneztebarra, bertze neska eta mutiko aunitz bezala, haurra zela hasi zen judoan, zortzi-bederatzi urte zituela. Baina aunitzek utzi egiten duten bitartean, Noeliak kirol horretan segitu zuen, Oskar Mindegia irakaslearen erranetara.
Gaur egun, 21 urterekin, elite mailako judoken artean dago. Iruñeko Larrabide Teknifikazio Zentroan ematen du astea, entrenatzen eta ikasten. Egunero entrenamendu pare bat egiten du, goiz eta arratsaldez, Joku Olinpikoetan parte hartuak diren bi entrenatzailerekin. Asteburuetan, aunitzetan bederen, konpetizioak izaten ditu han eta hemen. Aurtengoan, Indurain Fundazioak eliteko kirolariei ematen dien beka ere jaso du, entrenatzen eta hobetzen segi dezan. Noeliaren ustez, denetarik behar da judoka ona izateko: «Entrenamendu aunitz, teknika, indarra, erresistentzia, burua ere inportantea da… Denetarik!».
Hainbat domina irabaziak ditu txapelketa ezberdinetan. Azkenekoa, Madrilen, Espainiako txapelketan, 23 urtez beheitiko eta 63 kiloz beheitiko kategorian azpitxapeldun izan zen, zilarrezko domina eskuratuz, iaz bezalaxe. Aitzinetik, kategoria berean, Espainiako iparraldeko sektorean txapeldun izan zen Errenterian. Nafarroa, Euskadi, Aragoi eta Errioxako judokak aritu ziren lehian.

«Kirol gogorra da judoa»

Noelia Ariztiaren erranetan, «nahiko kirol gogorra da judoa eta sakrifizio aunitz egin behar dira. Goian egon nahi baduzu, egunero entrenatu behar duzu, orduak sartu… Baina emaitzek laguntzen dutenean errazago eramaten duzu».
Joan den urtean azpitxapeldun izan ondotik, Erreka elkartearen omenaldia jaso zuen. Aurten, bertze sari bat ere izanen du, selekzioak aukeratu baitu eta nazioartean aritzeko modua izanen duelako. «Ranking batean bigarren nago orain eta bi lehenbizikoak kanpora joanen gara konpetitzera, nazioartean. Irail aldera, puntuazio gehien duenak parte hartuko du Europako txapelketan. Hor egoten saiatuko naiz!».
Jendeak ez duela judoa ezagutzen uste du Noeliak: «Arte martziala dela badakite, baina ez konpetitzeko modua, puntuatzekoa, entrenamenduetan egin behar den lana…». Laguntzak dituen arren, kirol honetatik bizitzea ezinezkoa iruditzen zaio Noeliari: «Nahiz eta ordu aunitz sartzen ditugun, ez dago lan bat bezala ordaindua. Familiaren laguntzarekin segitzen dut, baina denborarekin bertze lan batean hasi beharko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun