Amaiurko nesken taldeak irabazi du Nafarroako lauko sokatira txapelketa

Aitor AROTZENA 2008ko maiatzaren 12a

Amaiurko nesken txapela jantzi dute beraien lehen partehartzean. TTIPI TTAPA

Gizonezkoetan Berriozar B gailendu zitzaion Amaiur Cri

Amaiurrek emakumezkoetan eta Berriozar B-k mutiletan jantzi dituzte Nafarroako Luko Sokatira Txapelketako bi txapelak Hiru jardunaldi jokatu ondoren, larunbatean akautu zen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa Errotxapea auzoan. Bi pisutan aritu dira lehian Nafarroako sokatiralariak, eta hondar jardunaldia baino lehen sailkapen orokorrean aitzinetik ziren bi taldeek jantzi dituzte txapelak; hau da, emakumezkoen 260 kilokoan, lehen aldiz lehiatu den Amaiurrek lortu du txapela eta gioznezkoen 310 kilokoan Berriozarrek.

Emakumezkoetan Amaiur garaile

Larunbateko tiraldiak jokatu aitzin, oraindik bazuen saioak erakargarritasunik, ez baitzegoen erabat erabakita pisu bakoitzeko txapela nork eramango zuen. Horregatik, beharbada, ikusle ugari bildu zen proba ikusteko, 200 lagun inguru. Emakumezkoetan tiraldi parekatuak eta lehiatuak egin zituzten Errotxapean Amaiurrek, Sakanak eta Lesakako Beti Gaztek. Hain justu, hiru talde horiek berdindu egin zuten azken jardunaldian. Beti Gaztek irabazi egin zizkion bi tiraldiak Sakanari; Sakanak, berriz, Amaiurri eta baztandarrek Beti Gazteri. Ondorioz, bosna punturekin akautu zuten saioa, baina txapela Amaiurrek jantzi zuen, bi puntuko aldea kentzen baitzion Sakanari saioa hasi aitzinetik. Beraz, sailkapen orokorrean nagusi eta txapeldun Amaiur izan zen 17 punturekin; Sakana bigarren 15 punturekin; Lesakako Beti Gaztek 13 puntu; Berriozar Ak 9 puntu; Txantreak 5 puntu eta Berriozar Bk 4 puntu.

Gizonezkoetan Berriozar

Gizonezkoen 310 kilokoan ere txapela jokoan zegoen, Berriozar B-k puntu eta erdiko aldea zuelako Amaiur C-rekiko saioa jokatzen hasi aitzinetik, eta alde horrek ez zion Berriozarko taldeari erabateko lasaitasuna ematen. Hala ere, Berriozar gailendu zen beren arteko txandan, bigarren jardunaldian gertatu zen bezala. Gainerako postuak aski finkaturik zeuden, eta ez zen ezusterik gertatu. Ondorioz, Berriozar B-k jantzi du txapela, 17 puntu terdirekin; Amaiur Ck 15 puntu terdi eskuratu ditu; Berriozar Ak 12 puntu; Amaiur Ak 9 puntu; Amaiur Bk 6 puntu eta Txantreak puntu bakarra.

EUSKADIKO LUR GAINEKO TXAPELKETA ABIATU DA

Igandean hasi zen lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Bizkaiako Erandio Goikoan eta Laukizko Gaztedi nagusitu zen 680 kiloko lehen jardunaldian, Goiherriren aurka txanda gogorra jokatu ondotik. Pisurik astunenean gertatu ohi den bezala, elkarren arteko lehia polita eskaini zuten txapelketan diharduten bost taldeek, eta berdinketa dezente gertatu zen tiraldietan. Txandarik gogor eta estuena Gaztedik eta Goiherrik jokatu zuten, eta azkenean tiraldi bana irabazi zuten elkarri. Goiherrik eta Nafarroako ordezkari bakarra den Aresok ere tiraldi bana eraman zuten beren arteko norgehiagokan, Aresok lehen tiraldia faltengatik. Gaztedik mendean hartu zituen Mutriku eta Getxo eta Aresok bi tiraldiak irabazi zizkion Mutrikuri. Getxok tiraldien hasierako kolpe ona erakutsi zuen. Mutriku sendo hasi zen saioaren hastapenean. Areso gustura aritu zen lanean, eta aurrera begira, saio itxaropentsua burutu zuen, tiralari berri batzurekin aritu zela kontuan hartuta. Gaztedi eta Goiherri, berriz, agian, bertze taldeak hobexeago prestatuta agertu dira. Ez da ahaztu behar joan zen asteburan Belgikan aritu zirela, eta horrek lagundu egin die lehiakor izaten. Berdegune aski biguina gertatu da, baina sokatiran aritzeko egokia. Ikusle ugari bildu da, eta onuragarria gertatu da aurreko urteetan baino ordu bat beranduago hasi izana igandeko saioa. Txapelketako bigarren saioa, 680 kiloko bigarren jardunaldia alegia, heldu den larunbatean jokatuko da Azkoitian eta finala igandean, maiatzaren 18an jokatuko da Getxon.

Bertze pisuetako txapelketak

Segidan, 640 kiloko txapelketa jokatuko da. Hemen sei talde lehiatuko dira, 680koan ari direnaz gain, Goiherrik bigarren taldea ere aterako baitu. Lehen saioa ekainaren 8an jokatuko da Kortezubin, bigarrena ekainaren 14an Martiartu-Goiherrin eta finala ekainaren 28an Mutrikun jokatuko da. Segidan, ekainaren 29an, Bizkaiako Arratxun abiatuko da 600 kiloko txapelketa. Kategoria honetan zalantzan dago Mutrikuren partehartzea, baina gainerakoan, 640 kiloko talde berek hartuko dute parte. Gainera, Arratxuko lehen saioaren ondotik, Lesakan jokatuko da bigarrena uztailaren 5ean eta finala uztailaren 12an San Cristóbal-Goiherrin. 580 kiloko txapelketan, Gaztedik, Aresok eta Goiherri Ak hartuko dute parte, eta beharbada bigarren taldea ere aterako du Goiherrik. Lehen saioa uztailaren 19an jokatuko da, bigarrena uzta8laren 26an eta finala uztailaren 27an, oraindik erabaki gabe dauden herrietan. Beraz, Aresok kategoria guzietan aterako du taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun