Frantziako Gobernuak ez du aldatuko Konstituzioaren bigarren artikulua, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioena, baina euskara bezalako mintzaira gutituez lege bat eginen duela hitz eman du. Aipamen hau gan den astean egin zuen kultura ministroak hizkuntza gutituei buruzko eztabaidaren karietarat Asanblada Nazionalean. Lurralde mintzairak goraipatzeaz gain, ministroak argitu zuen frantsesa defendatu behar dela bertze hizkuntzak ahantzi gabe. Eztabaida historikoa Gobernuak berak sortu zuen eta hiru oren iraun zuen. Poulou eta Grenet Lapurdiko diputatuek ez zuten hitza hartu debatean, Jean Lassalle barnekaldeko ordezkariak, aldiz, bai. Kolore guzietako diputatuak mintzaira gutituen alde agertu ziren «aberastasuna» direlakoan, eta ez baitiote kalterik egiten Frantziako batasunari.
Gaurko egunean, 78 mintzaira daude Frantziako Errepublikan eta herritarren %10ak hizkuntza gutitu bat menperatzen du. Orain arte, 52 lege proposamen egin dira parlamentuan mintzaira hauen aitorpenaren alde, baina proposamen hauek ez dute sekula emaitzik eman, Konstituzioak mugatzen baitu egoera aldatzea eta koofizialtasuna ematea, euskarari konparazionean. Europako Batasunak 1992an idatzi zuen mintzairen euro ituna sinatu zuen Frantziak 99an baina Gobernuak ez du sekulan berretsi. Konstituzio kontseiluak dio ezin dela hori egin Konstituzioa aldatu gabe. Lurralde historikoetako diputatu batzuek aldaketaren alde bozka lezakete baina 577 ordezkarietatik gehiengoak baiezkoaren alde bozkatzea ezinezkoa da egun. Gan den asteko debatean, diputatu arrunt gutik parte hartu zuen.
Asanblada Nazionaleko eztabaidak interesa piztu zuen Frantziako xoko ainitzetan eta Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek ere hurbiletik segitu zuten batzuek historikotzat hartu duten solasaldia. Euskaltzaleen artean zuhurtzia da nagusi halere, lehenago hitz eder ainitz entzun baita euskararen alde. François Mitterrand presidente sozialistak hitz eman zuen hizkuntza gutituei ofizialtasuna emanen ziela, baina gero laster ahantzi zuen zin egin zuena.
Horiek oro gogoan, ederki iragan da gan den igandean Herri Urratsen 25. besta herriko aintziraren inguruan.