Denboraldi ona egin ondotik, errugbiko bi taldeak finalerdietan gelditu dira

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

Aspaldiko partez bi taldeak finalerdietara sailkatu dira

Lehen taldeak Labatuten kontra galdu zuen, 13 eta 10. Norgehiagoka polita egin zuten, baina 3 punturengatik ez ziren finalera pasatu. Partidan berehala sartu ziren, eta hasiera haien alde izan zen, baina momentu batez bi jokalari galdu zituzten txartel hori eta xuri batengatik. Landestarrek ez zuten aukera galdu, eta puntuak eskuratu zituzten. Saratarrak luzaz 13 eta 3 aritu ziren gibeletik, eta 5 minutu gelditzen zirela, entsegu bat markatzea lortu zuten 3 puntura hurbilduz. Aitzinera pasatzeko aukera izan zuten 4 zigor ostikada izan baitzituzten, baina suertea ez zen haien alde izan, eta finalerdia bere horretan gelditu zen. Bigarren taldeak narbarmenago galdu zuen, 21 eta 3, Hermen aurka. Landestarrak saratarrak baino gehiago izan ziren.
Denboraldia bukatu bada ere, Esteban Barneix entrenatzailearen erranetan, sasoin ona izan da. «Bi taldeek finalerdietara sailkatzea lortu dute eta ez da gutxi. Lehen taldea finalera pasatu bazen aparta izanen zen, baina gauzak horrela dira». Barneixek ez dio bigarren taldeari merezimendurik kendu. «Genuen taldearekin horraraino arribatzea oso baikorra da. Gaizki hasi ginen, baina itzulerako partidetan oso ongi aritu dira». Heldu den denboraldiari begira, etenaldia eginen dute, eta uztail hondarrean hasiko dira entrenamenduekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun