Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Gobernuarekin sinatu duen hitzarmenaren bitartez, Hurbildu IKTetar@ programaren barne, ordenagailua, Internet eta posta elektronikoaren erabilerari buruzko hastapen-ikastaroak egiten ari dira Baztanen eta Urdazubin. Emakumeentzat eta 55 urtetik goitikoentzat dira, eta aurten gainera, ikastaroak garraioarekin modalitatea gehitu da: Gobernuak garraioa paratuko du inguruetako herrietako ikasleak ikastaroa emanen den herrira eramateko. Elizondon, maiatzaren 5etik 16ra egin zen. Amaiurren, berriz, 19tik 30era izanen da ikastaroa, garraioarekin. Ikastaro honetan parte hartu nahi dutenek taxia izanen dute Erratzu, Bozate, Arizkun, Azpilkueta eta Urrasunen barna, Amaiurrera joateko. Urdazubin irailaren 1etik 12ra izanen da ikastaroa eta Oronoz-Mugairin urriaren 27tik azaroaren 7ra. Ikastaroek 25 orduko iraupena izanen dute, eta doakoak izanen dira. Saio bakoitzak bi ordu eta erdiko iraupena du eta bakoitzean partaide-kopurua guttienez 8, eta gehienez 12 lagunekoa izanen da.