Gobernuak eskola berriak egitea aurreikusi du Almandoz, Irurita eta Iturenen

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

Iruritan aspaldi ari dira egungo eskolaren egoera kaskarra dela salatzen, eta eraikin berria behar dutela eskatzen. TTIPI TTAPA

Hezkuntza Departamentuaren lehen zirriborroak 20 ikastetxe berri aurreikusi ditu

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egin berri duen obren azken zirriborroak aurreikusitakoaren arabera, 20 ikastetxe berri eginen dira aurten hasi eta 2012ra bitarte Nafarroan. Horien artean, eskualdeko hiru daude: Almandoz, Irurita eta Iturengoa, hain zuzen. Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak hala aurreratu zuen apirilaren hondarrean, parlamentu-batzorde batean. Lerro hauek idazterakoan, bertze alderdiek zirriborroa oraindik onartu gabe bazuten ere, lehen momentuan ez zuten kontrako iritzirik azaldu, eta adostasunera ailegatuz gero, 20 ikastetxe berri horiek eraikiko omen dira—horietatik bi dagoeneko eginak dira—.

Konponketa lanak bertze eskoletan

Ikastetxe berri horietaz gain, dagoeneko martxan diren bertze aunitzetan eraberritze lanak eginen dira, eta toki eskasiari aitzin egiteko, zenbaitetan haunditu eginen dira eraikinak. Atal honen barrenean, 65 jarduera eginen dira. Horren inguruan, Hezkuntza kontseilariak erran zuenez, eraikuntza enpresa bati obra egiteko eskatzean «hasiera eta bukaerako datak ere zehaztuko dira, ikasturtea arazorik gabe joan dadin».

Bertzalde, aipatu, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Gobernuaren eskariz egindako ikerketaren arabera, hainbat herritan eskolatze-datuek nabarmen egin dutela goiti. Horietan ere zerbait egin beharra dagoela azpimarratu zuen Perez-Nievas kontseilariak, beharrak asetzeko eta ikasleen segurtasuna bermatzeko. Kasu horietako bat da Leitzarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun