Joan den urteko arrakasta ikusita, Doneztebeko Elkartasuna Kasinoak Basurde Biker Bestaren bigarren edizioa antolatu du asteburu honetarako, maiatzak 17 eta 18rako. Harley Davidson, Customs eta antzinako bertze hainbat marketako motor klasikoak ikusgai izanen dira herrian barna. 300 lagunek parte hartu ahal izanen dute gehienez. Informazio gehiagorako 679 972920 telefonora deitu edo n948450856@wanadoo.es helbidera idatzi daiteke. Aipatu, ortziraletik izanen dela kanpina paratzeko aukera.
Larunbatean 10:00etatik aitzinera hasiko dira ekitaldiak, orduan irekiko baita izena emateko epea. 17:00ak arte zabalik egonen da. Goizetik hasita, motor erakusketaz gain, arropak erosi eta piercingak eta tatuajeak egiteko aukera eskainiko da. Eguerdian bazkaria eginen da, Argentinako menua dastatuz. Arratsaldean, jokuak izanen dira eta horiekin batera sariak banatuko dira. Gauean afaria izanen da, eta ondotik lau kontzertu; Maldita banda, De 2 en Blus Band, Sparto (Tributo a Judas Priest) eta Zenzerock taldeekin.
Igandea, hilak 18, gosariarekin hasiko dute. Gosalondoren turismoa eginez irteera eginen dute euren motorrekin parte hartzaileek. Eguerdian eginen duten bazkariarekin emanen diote aurtengo bestari akabera.