Jantoki zerbitzua lortzeko borrokan eskola ttikietan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

TTIPI TTAPA

Eskualdean dauden 31 ikastetxeetatik 16tan dute jangela

Ikastetxe aunitzen borroka izan da urteetan jantoki zerbitzua eskaintzearena, eta oraindik ere hala izaten segitzen du. Liskar hortan murgildua dago Zugarramurdiko Guraso Elkartea. Zugarramurdikoa, ordea, ez da eskualdeko esperientzia bakarra. Hilabeteetan harat eta honat ibili ondotik, urte honekin paratu zuten martxan jangela Sunbillako eskola. Nafarroako Gobernuaren bidez egitea garestiegia zela ikusi, eta Guraso Elkartea eta Udalaren arteko elkarlanaren emaitza izan zen. Bi jantoki zerbitzu mota daude Nafarroan. Alde batetik, Hezkuntza Sailak antolatzen duena, bazkaltzera etxera itzultzeko aukerarik ez dutenentzat. Horiek dirulaguntza jasotzen dute Nafarroako Gobernutik. Bertzetik, berriz, Gurasoen Elkarteek antolatzen dituzten jantokiak daude. Batzuek dirulaguntza jasotzen dute, baina bataz bertze, 3,54 euro ordaintzen dute egunean. Bietako kasuak daude eskualdean. Zugarramurdi eta Sunbillako adibideez gain, Iruritan ere jantokia ireki nahi da: Gizarte Bilgunean izanen da, baina afera airean dago oraindik. Almandozen eta Arizkunen ere mugitzen hasiak dira.

Azkenaldian, ikastetxean bazkaltzen duten haurren kopurua hazi egin da. Dagoeneko gure eskoletan ari diren 2.331 gaztetxoetatik %43,76ak ez du etxean bazkaltzen, eta urtetik urtera zifra hori haundituz doa. Halere, eskualdeko ikastetxe aunitz jantokirik gabe daude. Baztanen, erraterako, Elizondoko San Francisco Javier eskola eta Baztan Ikastola alde batera utzita, Amaiurren bakarrik dago eskolan bazkaltzeko aukera. Hortik haratago, zerbitzua bera eskaintzea ez da merkea. SUNBILLAn, adibidez, bide merkeena jorratu nahian erabaki zuten gurasoek euren aldetik zabaltzea jantokia. Udalaren laguntzarekin INEMetik sukaldaria kontratatu zuten, eta hala, %80a subentzionatzen diete Enplegu bulegotik. Gainerako %20a, berriz, Udalak bere gain hartzen du. Nafarroako Kutxaren Zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu proiektuarekin ere jaso zuten dirua. Urtarrilaren 7an ireki zituen Sunbillako jangelak ateak lehenbizikoz. Beheko eskolan dago eta Guraso Elkartea kontent dago izandako erantzunarekin.

Sunbillan badute jantokia, URDAZUBI eta ZUGARRAMURDIn, ordea, ez. Hori lortzeko bidean, hitz egin dugu Irune Soto Guraso Elkarteko kidearekin. Bere hitzetan, oraindik «intentzioa baino ez da, baina baikor pentsatuz gero, eginen dela uste dugu». Bi herrietako haurrak bi eskolatan banatuak daude, eta goiz, eguerdi eta arratsaldetan haurrak jasotzeko autobusa dute. Jantokia egitekotan, Gobernuak eguerdiko autobusa kenduko diela iragarri du, eta horrek, noski, kezka eragin die. Zugarramurdiko eskolaren goiko solairuan egin nahi da jantokia eta «baliteke toki arazoak ere sortzea». Baina egitekotan, «orain pentsatzen ari garen egoeran, Gobernuaren laguntzarik gabekoa izanen da hasieran behinik behin, legeztatzearena zail ikusten baitugu». Aipatu solairua Udalarena da eta «jantokia ez legezkoa izateak urduritasuna sortzen duela» ere iritzi dio Sotok. Baina beharra badago, 12 urtetik beheitiko haurren amen artean egindako inkestak ere halaxe frogatu baitu.

IRURITAn ere jangelarena airean dago. Hasiera batean Iruñera joan ziren dirulaguntzarekin jantokia irekitzeko asmoz. «Baina eskolan bertan egin nahi genuen galdetu ziguten, eta guk ezetz, eskolan ez dugula tokirik», azaldu digu Cristina Urtasun Iruritako Guraso Elkarteko kideak. Horregatik erabaki zuten Gizarte Bilgunean egitea. Gobernuari egindako eskaera bere horretan gelditu zen, eta eskola berria egin artean laguntzarik gabe aitzinera egitea erabaki zuten. «Gizarte Bilgunea bere gain hartu nahi duenarentzat deialdia zabaldu genuen, eta elizondar batek eman du izena», dio Urtasunek. Edonola ere, bere gain hartzekotan, eskolakoei bazkaria berak ematea litzateke baldintza bakarra. Erantzunaren zain daude Iruritan, baina arduraduna bat edo bertze izan, jantoki zerbitzua eskainiko dutela aipatu digute.

IKASTETXEAK..............IKASLE KOPURUA....... BAZKALDU ZENBATEK?
Almandoz IP...................13 ikasle - Ez dago jantokirik
Amaiur IP.....................20 ikasle - 18
Arantza IP ...................45 ikasle - 29
Areso IP .....................25 ikasle - Ez dago jantokirik
Arizkun IP ...................41 ikasle - Ez dago jantokirik
Arraioz IP ...................9 ikasle - Ez dago jantokirik
Azpilkueta IP ................10 ikasle - Ez dago jantokirik
Baztan Ikastola...............140 ikasle - 65
Beintza-Labaien IP............6 ikasle - Ez dago jantokirik
Bera(Jesusen Bihotza).........89 ikasle - 40
Bera(Labiaga Ikastola).......135 ikasle - 73
Bera(Ricardo Baroja IP)......143 ikasle - 100
Doneztebe (San Migel)........454 ikasle - 291
Elizondo (San Fco J. IP).....258 ikasle - 127
Erratzu IP ...................24 ikasle - Ez dago jantokirik
Etxalar (Landagain IP)........51 ikasle - 28
Gartzain IP...................14 ikasle - Ez dago jantokirik
Goizueta (Xalto IP)...........69 ikasle - 24
Igantzi IP ...................58 ikasle - 27
Irurita IP ...................55 ikasle - Ez dago jantokirik
Ituren IP ....................48 ikasle - 30
Legasa IP.....................7 ikasle - Ez dago jantokirik
Leitza (Erleta IP)............212 ikasle - 40
Lesaka (Irain IP).............136 ikasle - 70
Lesaka (Tantirum. Ikast.).....103 ikasle - 45
Narbarte IP ..................24 ikasle - Ez dago jantokirik
Oronoz-Mugairi IP ............37 ikasle - Ez dago jantokirik
Saldias IP ...................5 ikasle - Ez dago jantokirik
Sunbilla IP ..................50 ikasle - 13
Ziga IP ......................18 ikasle - Ez dago jantokirik
Urdazubi-Zugarram. IP.........37 ikasle - Ez dago jantokirik

Guztira 2.331 1.020

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun