Bixen ostatuak irabazi zuen Doneztebeko I. pintxo lehiaketako epaimahaiaren saria

Aitor AROTZENA 2008ko maiatzaren 9a

Doneztebeko udaletxean banatu ziren sariak ortzegun arratsean. TTIPI TTAPA

Titi Ostatuak publikoaren saria irabazi zuen

Ortzegun arratsaldean banatu ziren Doneztebeko Herriko Etxean, maiatzaren 1etik 4ra egindako lehendabiziko pintxo lehiaketako sariak. Herriko sei ostatuk parte hartu dute pintxo lehiaketa honetan, Titik, Bixenek, Maylinek, Ameztiak, Irrintzik eta Jubilatuen Ostatuak. Guziek lehiaketaren arrakasta azpimarratu zuten atzo eta jende aunitz ibili zela ostatuz ostatu pintxoak dastatzen. Lehiaketarako propio prestatutako pintxo bana aurkeztu zuen ostatu bakoitzak eta lehiaketan laguntzaile izan den Inurrieta bodegako ardo bereziarekin serbitzen zuten, 3 euroren truke.

Pintxo bereziak

Jubilatuen Ostatuak foie, kalabazin, berenjena, oporto saltsa eta laranja konfitatutako dekorazioa zeramazkin pintxoa aurkeztu zuen lehiaketara; Titi Ostatuak ganbak, gari-zainzuriak edo esparrago trigueroak eta saltsa zeramana; Irrintzik arraultze eskalfatua, foie, onddoak, hirugiharra eta urdaiazpiko iberikoarena; Maylin ostatuak bakailua tipuletan, onddoak eta saltsarekin prestatutako pintzxoa; Ameztia ostatuak ogi xigortua, mahats mailatua, sagar errea eta foie-medailoia zuena eta Irrintzi ostatuak ganba, espinaka eta baratzuri frexkoen tortilla, dekoraziorako saltsarekin.

Epaimahaikoak ezezagunak ostatuentzat

Jendearen artean epaimahaiko bortz kideak ere ibili ziren. Kanpokoak ziren eta ostatukoentzat ezezagunak. Ordaintzerako orduan, Herriko Etxeak emandako papera aurkezten zuten eta orduantxe zekiten ostatukoek epaimahaikoak zirela. Izan ere, pintxoen aurkezpena eta zaporeaz gain, zerbitzua ere puntuatzen baitzuten. Lan handia izan zuten epaimahaiko kideek, izan ere, maila handiko lehiaketa izan dela azpimarratu nahi izan dute eta parte hartu duten ostatu guziak zoriondu dituzte. Lehendabiziko puntuazioan berdinduak gelditu ziren lehen postuan Jubilatuen ostatua, Titi ostatua eta Bixen ostatua, eta bigarren itzulian, garaipena Bixen ostatuari ematea erabaki zuen epaimahaiak.

Denentzako diplomak

Publikoaren saria ere eman zuten ortzegunean Doneztebeko Herriko Etxean. Jendearen arabera, Titi ostatuarena izan zen pintxorik onena. Bertze gainerako ostatuak ere ez ziren esku hutsik gelditu eta hartutako lana eta eskainitako kalitatea sarituz Doneztebeko Herriko Etxearen diploma bana eskuratu zuten. Gustora gelditu dira Doneztebeko ostatuak eta bigarren ediziorako xehetasunak aztertzen gelditu ziren Herriko Etxeko hautetsiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun