Herri Urratsek 25 urte beteko ditu igandean Senpereko aintziran

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 9a

Saran gaupasa izanen da larunbat arratsean

Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestak mende laurdena ospatuko du maiatzaren bigarren igandean Senpereko aintzira inguruan. Joan den urteko irabaziak Senperen uholdeek eragindako kalteak moldatzeko erabili baldin baziren, aurtengo irabaziekin, ikastola berria eraikiko dute Erberua eskualdean, Nafarroa Beherean, eta Baionan Polo ikastola berrituko dute.

Mende laurdena, bide erdia

Aitor Sarasua bertsolariak asmatu du “Mende laurdena, bide erdia” leloa eta ikurrean barekurkuilu bat ikusten da, arrastoan 25 zenbakia ageri dela. Abere hau poliki baina segurki doa aitzinera, eta egin duen bidea ez da makala, Ipar Euskal Herriko ikastolak ederki haunditu baitira. Gaurko egunean, 2 eta 18 urte arteko 2 500 gaztek ikasten dute Iparralde osoan dauden 25 ikastoletan. Mende laurdenean, ikastolen egoera ainitz hobetu da. 1994tik Frantziako hezkunde nazionalak ordaintzen ditu irakasleak, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleek eta Eusko Jaurlaritzak laguntza handia eman dute ikasgelak hobetzeko. Aurtengo Herri Urrats berritasunez beterik dator, bereziki haurren xokoa hobetuko baitute. Gainerakoan, Maialen Errotabehere, Txan magoa, Betagarri eta Celtas Cortos taldeak ikusi eta entzun ahal izanen dira.

Gau pasa Saran

Urteak dira Etsaiak taldeak azkenekoz Saran jo zuenetik. Zortzigarren diskoa karrikaratu berritan, Sarako Gaztetxeak ez du huts egin Lekeitioko taldea Herri Urrats bezperako gaupasara gonbidatzeko. Haiekin batera ariko dira garaikideak diren bertze hiru talde. On Benito Beratik etorriko da arratsaldetik goiti ostatu bazterrak animatzeko. Etzakit taldeko Xabi Solanoren Esne Beltzak kontzertua irekiko du larunbat gaueko 10etan. Duela gutti sortu bazen ere, eskarmentu handiko taldea da, eta bertan aritzen dira Sagarroi, Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza eta Joxe Ripiaurekin lan egin duten hainbat lagun. Etsaiaken ondotik, Frantziatik datorren DJ Moule disko jartzaileak animatuko du gaua. Larunbat arratsaldean Xiba txapelketako Lapurdiko kanporaketa jokatuko da plazan, beraz, egun osoan animazioa izanen da Saran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun