Jose Bernardo Bazterrikaren ahariak irabazi du Malerrekako II. Lehiaketa

Aitor AROTZENA 2008ko maiatzaren 9a

Merkatu Plazara aurkeztutako 20 ahariak mutur gorriak ziren TTIPI TTAPA

20 ahari mutur gorri aurkeztu dira Doneztebeko Merkatu Plazan

Doneztebeko Udaberriko feria bigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 9an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Goizeko 11etatik eguerdiko ordubata terdietara bigarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 20 buru aurkeztu dira. Hori bai, lehiaketa ahare mutur gorri eta beltzendako irekia baldin bazegoen ere, gorriak bakarrik aurkeztu dira. Baztanen ugariagoak dira mutur beltzak baina Malerrekan, Donamaria eta Gaztelun bakarrik daudela aipatu digute artzainek.

Lehen saria Sunbillako Pixarnekobordara

Aziendak aurkezten dituzten baserritarrei 30 euro eman zaie parte hartzeagatik. Beraz, sei sari banatu beharrean, hiru bakarrik banatu dira, ahari mutur gorri onenendako. Lehen sailkatua Sunbillako Pixarnekobordako Jose Bernardo Bazterrikaren aharia izan da eta 120 euro eskuratu ditu sunbildarrak. 70 euro bigarren saria Iturengo Sunbilleneako Jose Ignacio Berak eskuratu du eta 50 euro hirugarrena saria Iturengo Arroseneako Maribi Elizalderentzat izan da. Aurtengo lehiaketako irabazle izanen zela jakin baino lehen, Jose Bernardo bazterrika sunbildarrarekin izan gara. Oraindik ez zuen sarien berririk, baina gustora zegoen Doneztebera eramandako bi buruekin. Jendeak ere gustoko zituen eta sariren bat etxerako espentza bederen bazuen.

Behi, aretxe, zaldi, behor eta pottokak ere

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta azienda feria polita gelditu da goizean. Errate baterako, Andoni Mendiburu tratanteak gainean ibiltzeko eta mendirako zaldiak eraman ditu Merkatu plazara, baita behiak bere aretxeekin ere. Gustora zegoen goizeko martxarekin.

Eskulangileen erakusketa

Goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara, eskualdeko artisauen lanen erakusketa eta salmenta ere izan da. Berez, Merkatu Plaza ondoan egotekoak ziren, baina euriaren beldun, elizatarira eraman dituzte. Erakusketa honetan parte hartu dute Urrozko Bittoriano Arzuagak, bere artile-lanekin; egurra lantzen zuten Santiago Hualde zubietarrak, Juan Pedro Goñi oiztarrak eta Jose Luis eta Jon Olaizola doneztebarrak; Zubietako talogileek; Oizko Carlos Mindegia gasnagileak, zeramika lanak egiten dituen Daniel Fioramante oiztarrak eta zilarra lantzen duen Malu Alvarez eratsundarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun