Otsailean eta martxoan hartutako behitirako joera doi-doi mantendu eta langabeziak zertxobait beheiti, %1,11, egin du eskualdean apirilean. Zehazki, apiril hondarrean 623 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, martxo hondarrean baino 7 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 469 kontratu gauzatu ziren apirilean, baina horietatik 86 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.
Adinaren arabera
Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak. 25 urtez goitiko 349 emakume daude langabezian eskualdean, martxoan baino 3 guttiago. 25 urtetik goitiko 204 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 8 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, 34 emakume daude langabezian, martxoan baino bi guttiago, eta gizonen artean, aldiz, 36 dira langabetuak, joan den hilabetean baino 5 gehiago.
Lan arloaren arabera
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 402 langabeturekin, martxoan baino 2 gehiago. Industrian 141 langabetu daude, martxoan baino 8 guttiago. Eraikuntzan ere beheiti egin du langabeziak eta 42 langabetu daude, martxoan baino 6 guttiago; nekazaritzan, aldiz goiti egin du langabetu kopuruak, 15 baitira langabetuak, martxoan baino 3 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez duten 23 lagun daude lanik gabe eskualdean, martxoan baino 2 gehiago.