Ituren eta Aresoko eskoletako 5. eta 6. mailetako ikasleek taldea osatu eta Almeria eta Granadara joanen dira heldu den maiatzaren 27tik ekainaren 2ra arte, Espaniako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Nafarroako eta beste lurraldetako Hezkuntza Departamenduen bitartez antolatzen duen Eskola Ibiltariak deialdian parte hartuz. Nafarroako enbaxadoreak izango dira Andaluzian aste betez.
Elkarbizitza
Helburua, ongi pasatzeaz gain, beste lurraldeetako eskolekin harremanak eta elkarbizitza sortzea da, guztiontzat berriak diren beste parajeak ezagutuz eta gozatuz. Izan ere, nafarrak han elkartuko baitira Tarragonako eta Madrilgo beste bi taldekin, eta denok batera Almeriako Nijar inguruan dagoen egoitza batean izango dute ostatu. Guztira 45 neska-mutiko eta, nola ez, irakasle laguntzaileak.
Garanada, Almeria, Ejido, Mojacar…
Besteak beste, Granada hiria eta Alhambra, Almeria hiria, El Ejidoko negutegiak, pelikulak filmatzen dituzten basamortua, lorategi botanikoa, Mojacar herri txuria, hondartzak eta abar bisitatuko dituzte aste osoan. Egun baten, festatxo bat antolatuko da egoitzan, eta gure enbaxadoreek Ituren eta Areson berri emateaz gain, "Iturengo arotza" kanta abestu eta euskal dantza bat eskainiko diete. Aukera probextu eta ongi ongi pasa dezatela...eta ea itzultzean zerbait kontatzen diguten!!