Igandean, maiatzaren 4ean, Nafarroako Herri Kirol Jolasetako finala jokatu zen Txantrean. Nafarroako Herri Kirol Federazioak Kirol Institutuarekin batera antolatzen dituen Kirol Jolas hauetan hiru mailako txapelketak jokatzen dira: kimu mailakoak, 11-12 urteko neska-mutikoekin, haur mailakoak, 13-14 urtekoekin eta kadete mailakoak, 15-16 urtekoekin. Haur eta Kadete mailetan Proba Konbinatu txapelketa eta Soka-Tira txapelketa jokatzen dira. Kimu mailan berriz Proba Konbinatu txapelketa bakarrik. Kategoria ezberdinetan Igantzi, Arantza eta Basaburuako neska-mutikoak aritu badira ere, txapel bakarra ailegatu da eskualdera, Baztango Basaburuak kadete mailako sokatira txapelketan lortutakoa hain zuzen.
Sokatiran, kadete mailan, Basaburua txapeldun
Lehenik sokatira txapelketak jokatu ziren. Haur mailan, 480 kiloz beheitiko kategorian, Etxarri Aranazko Andra Marik irabazi zituen tiraldi guziak eta honenbertzez txapela irabazi. Basaburua bigarren izan zen, Txantrea hirugarren eta Igantzi laugarren. Kadete mailan, erran bezala, Basaburua gailendu zen, Txantrea, Iñigo Aritza eta Andra Mariren aitzinetik.
Alebin eta haur mailako proba konbinatuetan Basaburua hirugarren
Ondotik, alebin mailako Proba Konbinatua jokatu zen. Hemen, Berriozar A taldeko neska mutikoak nahiko aisa nagusitu ziren. 6 minutu eta 14 segundu behar izan zituzten lanak akautzeko. Bigarren Andra Mari izan zen, 23 segundura, hirugarren Basaburua 30 segundura eta laugarren Ultzama 35 segundura.
Haur mailako Proba Konbinatua lehia estu-estua izan zen eta segundu bakar batek erabaki zuen txapela. Izan ere Andra Marik 8 minutu eta 18 segundu behar izan zituen lanak akautzeko eta Txantreak 8 minutu eta 19 segundu. Basaburua ere ez zen lehen postuetatik urrun ibili eta irabazleak baino 8 segundu gehiago behar izan zituen, 8 minutu eta 26 segundu. Sakana laugarren izan zen, 8 minutu eta 46 segunduko denborarekin.
Kadete mailako konbinatuan Basaburua laugarren
Kadete mailako Proba Konbinatuan azkenik, Ultzama nahiko aisa nagusitu zen, 9 minutu eta 28 segunduko aldearekin. Bertze hiru taldeek bigarren posturako lehia gogorra izan zuten. Azkenean Txantrea izan zen bigarren, 9 minutu eta 48 segunduko denborarekin, beraz Ultzamak baino 20 segundu gehiago behar izan zituen. Berriozar taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, Txantreak baino hiru segundu gehiagorekin eta Basaburua laugarren izan zen, baina Berriozar baino segundu eskas gehiago behar izan zituen. Beraz, bigarrenetik laugarren postura, lau segundu bertzerik ez zeuden.