Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren obren azken zirriborroak aurreikusitakoaren arabera, 20 ikastetxe berri eginen dira 2008tik 2012ra bitarte Nafarroan. Horien artean, eskualdeko hiru daude: Almandoz, Irurita eta Iturengoa, hain zuzen. Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak hala aurreratu zuen apirilaren hondarrean, parlamentu-batzorde batean. Bertze alderdiek zirriborroa oraindik onartu gabe baldin badute ere, lehen momentuan ez zuten kontrako iritzirik azaldu, eta adostasunera ailegatuz gero, 20 ikastetxe berri horiek eraikiko omen dira. Horietatik bi dagoeneko eginak daude.
Eraberritze lanak ere
Ikastetxe berri horietaz gain, bertze aunitzetan eraberritze lanak eginen dira, eta toki eskasiari aitzin egiteko, zenbaitetan haunditu eginen dira eraikinak. Bertzalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Gobernuaren eskariz egindako ikerketaren arabera, hainbat herritan eskolatze-datuek nabarmen egin dute goiti. Horietan ere zerbait egin beharra dagoela azpimarratu zuen Perez-Nievas kontseilariak, beharrak asetzeko. Kasu horietako bat da Leitzarena.