Lesakako Beti Gazte eta Berako Gure Txokoako futbol talde nagusien arteko Bortzirietako derbia jokatu zen maiatzaren 1ean, Lesakako Mastegi futbol zelaian. Gure Txokoa markagailuan aitzinetik paratu baldin bazen ere, azkenean Beti Gazte nagusitu zen, 2 eta 1. Kirol giroaz gain, besta giroa ere izan zen Lesakan ortzegunean. Goizean, bi taldeen beteranoen arteko partida jokatu zen eta hemen ere Beti Gaztek lortu zuen garaipena, 6 eta 0. Dena den emaitza izan zen guttienekoa, garai bateko Beti Gazte eta Gure Txokoako 35 jokalari bildu baitziren bazkarian. Beteranoek bezalaxe, bi herrietako txarangek ere bat egin zuten bazkarian. Beraz, bazkalondoan, eguraldi goxoa aprobetxatuz, giro ederra somatzen zen Lesakako karriketan lehenik eta Mastegiko harmailetan gero.
Gure Txokoa irabazteko premiarekin
Erregionaleko derbiari dagokionez, bi taldeak irabazteko asmoarekin zelairatu ziren noski, baina bien premiak ezberdinak ziren. Gure Txokoak nahitaezkoa zuen garaipena kategoria mantentzearekin amets egiteko oraindik. Beti Gaztek aldiz, ez du jausteko arriskurik, baina igoerako postuak ere aspaldian urrun geldituak direnez, ez zuen Berako bizilagunei irabaztea bertze premiarik. Gauzak honela, ortzegunean Lesakan galdu ondotik, azkenaurreko postuan segitzen du Gure Txokoak eta gainera, aitzinetik zuen Mariñok garaipena lortu duenez aste hondar honetan, ez du postu bat goiti egiteko inolako aukerarik. Beraz, partidu bat jokatzeko gelditzen bazaio ere, dagoeneko Berako taldea mailaz jautsiko dela segurtatzen ahal da. Joxe Mari Erkizia, Beti Gazteko entrenatzaileak honako hamekakoa zelairatu zuen: Iñigo Altzugarai atepean; Jon Otxoteko, Jabier Larrui, Beñat Irazoki eta Jon Telletxea gibelean; Joseba Pikabea eta Jon Alberro euskarrian; Ibai Mitxelena, Beñat Saralegi eta Mattin Gonzalez aitzinera begira eta Mikel Irigoien aurrelari lanean. Angeltxo Aranibar, Gure Txokoako entrenatzaileak honako hamekakoa zelairatu zuen: Julen Jimenez atepean; Asier Irazoki, Ibai Iturria, Eduardo Etxebeste eta Jon de la Cruz gibelean; Iñaki Eskudero, Alain Morcillo, Jokin Iantzi, Gwendal Larque eta Iñaki Irazoki erdian eta Jon Mikel Matxiarena aitzinean.
Abudo aitzindu ziren beratarrak
Partida ezin hobe hasi zen Gure Txokoarentzat. Iñigo Altzugarairen atera hurbiltzen ziren lehenbiziko aukeran gol ederra egin baitzuen Ibai Iturriak. Alboko sakea atera zuen Gure Txokoak, Beti Gazteko atzelariek baloia urrundu egin zuten, baina Iturriak areaz kanpotik zetorkion bezala astindu zion baloiari eta gol bikaina sartu zuen. Hortik aitzinera, joku aldetik nahiko motel joan zen partida, hori bai zelai osoan borroka eta intentsitate handiz jokatu zuten bi taldeek. Markagailuan gibeletik zela, Beti Gazte gehixeago saiatu zen partidua berdintzen. Jon Telletxeak luze ateratako falta bat buruz erdiratu zuten baina errematatzailerik ez zuen topatu. Ibai Mitxelelenak ere bertze falta bat atera zuen baina, oraingoan ere ez zen errematatzailerik. Gure Txokoak bi aldaketa egin behar izan zituen lehen zati honetan. Arazo fisikoak zituzten Iñaki Irazoki eta Jokin Iantziren ordez Andoni Riopedre eta Aitor Erkizia zelairatu ziren. Baloia zelai erdian aunitz mugitzen zen, baina ez zegoen dominatzaile argirik eta bi atezainek ez zuten lan handiegirik egin. Baina halako batean, Beti Gaztek gibeletik ateratako baloi batean, pareta ongi egin zuen Mikel Irigoienek eta baloi garbia utzi zion Mattin Gonzalezi. Honek ez zuen aukera hutsik egin eta Julen Jimenez atezainaren irteera gaindituz, berdinketaren gola sartu zuen. Atsedenaldira baino lehen markagailuan aitzintzen saiatu zen Beti Gazte. Baloi luze batean ongi atera zen beratarren atezaina. Batez ere goitik hagitz ongi moldatu zen Julen Jimenez. Beraz, banako berdinketarekin ailegatu zen derbia atsedenaldira.
Bigarren zatian ez zen aldaketa handiegirik izan. Beharbada Beti Gaztek gehixeago erabili zuen baloia eta Gure Txokoak gehixeago nabaritu zen nekea, baina lehia estua izan zen. Bigarren zatia hasi eta segidan, Gure Txokoak ateratako korner baten ondotik kontraeraso bikaina egin zuten etxekoek ezker hegaletik, baina erdiraketa ez zuen ongi erramatatu Mattinek. Gure Txokoa urrunetik saiatu zen. Etxebesteren falta jaurtiketa ez zen porteritik urrun ibili. Beti Gaztekoak erantzun zuen. Beñat Irazokiren falta jaurtiketa buruz errematatu zuten, baina ordurako jokoz kanpo adierazi zuen epaileak. Ibai Mitxelenak ateratako bertze falta batek ez zuen errematatzailerik topatu. Joxe Mari Erkizia hasi zen Beti Gazteko aulkia mugitzen. Beñat Maia zelairatu zen Ibai Mitxelenaren ordez. Gure Txokoako Gwendal Larque ere urrunetik saiatu zen, baina baloia mantso-mantso joan zen Iñigo Altzugaraien eskuetara. Gure Txokoak hirugarren aldekera egin zuen eta Jeremias Perez zelairatu zen Jon Mikel Matxiarenaren ordez. Beratarrek bertze aukera bat ere izan zuten. Iñaki Eskuderok baloia ebatsi eta Gwendali eman zion. Honek jokaldi polita egin zuen bakarka, baina jaurtiketa goiti joan zitzaion.
Etxekoen bigarren gola ere Mattinek
Segidan ailegatu zen Beti Gazteren bigarren gola. Beñat Maiak ongi eman zion Irigoieni, honek baloia itzuli eta Maiaren baloi luzea ongi sareratu zuen berriz ere Mattinek, atezainaren gainetik, 2 eta 1ekoa ezarriz. Beratarrek jokoz kanpo eskatu zuten jokaldi honetan.
Gure Txokoako jokalariak arazoekin zebiltzan eta Gwendal eta Etxebeste kalanbreak jota. Jokalariak min hartuta zeudenean ederki nabari zen zelai gainean nahiz armailetan ortzegunean izandako kiroltasuna, bi taldeetako jokalariak elkar lagunduz eta bi taldeetako zalea, txarangaren doinuan elkarrekin kantari eta dantzan aritu baitziren.
Beti Gazten Xabi Maritxalar Etxabide zelairatu zen Alberroren ordez eta geroxeago Andoni Larralde Mikel Irigoienen ordez,
Partida, bukaera arte saiatzen segitu zuten Gure Txokoako jokalariek, hil ala bizikoa baitzuten punturen bat urratzea Lesakan. Etxebestek jarritako baloi luzeak ez zuen errematatzilerik aurkitu eta bigarren saialdia Iñigoen eskuetara joan zen.
Azken aldaketa egin zuen Beti Gaztek eta bi golekin derbiko protagonista nagusia izan zen Mattinek txalo zaparrada batekin utzi zion bere lekua Pablo Tabernari.
Gure Txokoak hondar aukera garbi bat izan zuen. Etxekoen area ertzean falta arriskutsua izan zuten, baina Asier Irazokiren jaurtiketa goiti joan zen.
Beti Gaztek hirugarrena sartzeko modua ere izan zuen. Andoni Larraldek ezker hegaletik jokaldi polita egin zuen, baina gibelerako pasea kanpora errematatu zuen Beñat Maiak.
Zelai gainean ez zen gehiagorako astirik izan. Hori bai, partida ondotik bi taldeetako jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak elkarrekin bildu ziren berendu batean, egun osoan izandako kiroltasunari behar bezalako akabaila emateko.
Pena bakarra, heldu den denboraldian bederen, ez dela Bortzirietako derbi nagusirik izanen, Gure Txokoak maila galdu duelako. Ea lehenbailehen berreskuratu eta berriz ere ikusterik daukagun.