Udalbiltzako kideak atxilotu zituztela bortz urte bete direla gogoratuko da

Aitor AROTZENA 2008ko apirilaren 28a

Oskar Goñi beratarra Udalbiltzako aferean inputatua dago. TTIPI TTAPA

Narbarten solasaldia izanen da astelehen arratsaldean eta Etxalarren elkarretaratzea asteartean

Asteartean, apirilaren 29an, 5 urte beteko dira Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa hasi zenetik, eta kasuan auzipetutako 22 lagunak epaiketaren atarian daude. Larunbatean, hautetsi, hautetsi ohi eta hainbat talde eragiletako dozenaka lagun ondoan zituztela agertu ziren Oiartzunen, eta Udalbiltza berrindartzeko apustu sendoa egin zuten. Aste honetan, eskualdez eskualde hainbat ekitaldi eginen dira. Honela, astelehen arratsaldeko 19:30ean solasaldia izanen da Narbarteko Herriko Etxean eta asteartean, atxiloketen bosgarren urteurreneko egunean, elgarretaratzea eginen da Etxalarko plazan, arratseko 20:15ean.

«Madriletik ez da deus onik etorriko»

Auzipetuen artean, Oskar Goñi beratarra dago. Duela bortz urte, Berako udalean zinegotzi zela, atxilotu zuten eta inkomunikaziopean eraman zuten. Urtebete eman zuen kartzelan eta orain, epainketaren esperoan dago, berak dioen moduan, “Madriletik deus onik etorriko ez dela” jakitun. Udalbiltzak egiten zuen lana, epaiketa eta urteurreneko kontuen berri eman digu Oskar Goñik: “Bertze hainbatetan bezala, jarduera polítiko bat egiteagatik epaituko gaituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean. 22 lagun gaude inputatuak eta 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte. Nonbait, ETAren helburuekin bat egiten dugunez, ETA omen gara, hori da bertze hainbatean erabili duten argudioa eta oraingoan ez dugu ezberdina izanen den itxaropenik”.

Ardura politikorik ez zutenak ere inputatuak

Goñiren ustez, egoera larria da, inputatuetako aunitz, bere jarduera politikoaren barnean izan baitzen Udalbiltzako kide. Bera zinegotzi zen orduan. Baina oraindik larriago iruditzen zaio Udabiltzako bulegoetan lanean aritzeko hartu zituzten administrari edo langileen kasua, hauek ere inputatu baitituzte, “inolako ardura politikorik izan gabe”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun