Eskualdeko bortz talde ari dira Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketan parte hartzen. Gizonezkoetan Amaiur A, Amaiur B eta Amaiur C eta emakumezkoetan Lesakako Beti Gazte eta Amaiur. Hain zuzen, Amaiurko emakumezkoak aurten eman dute lehen aldiz izena txapelketan. Apirilaren 19an abiatu zen txapelketa Lesakan, eta bigarren saioa Arbizun jokatzekoa zen apirilaren 26an. Guztira hiru jardunalidi eginen dira, eta azkena maiatzaren 10ean izanen da, Iruñeko Errotxapea auzoko Ave Maria zeharbidean —euria eginez gero, kiroldegiko frontoian—, 17:00etan hasita.
Gizonezkoetan zein emakumezkoetan kategoria bakarrean ari dira. Gizonezkoak 310 kilokoetan, eta emakumeak 260 kilokoetan. Lesakan jokatutako lehen saioan emakumezkoetan lehen aldiz aritu zen Amaiur taldea gelditu zen sailkapenaren buru, tiraldi bakarra galduta, Beti Gazteren aurka. Saio berean Beti Gazte hirugarren izan zen. Gizonezkoetan, Berriozar B eta Amaiur C gailendu ziren Lesakan, berdinketa baten ondotik. Amaiur A laugarren izan zen eta herriko B taldea bortzgarren.