Laxoa Elkarteak antolatutako 29. Baztan-Errekako Laxoa Txapelketa hasia da dagoeneko. Apirilaren 12an eta 13an hasi zen, eta iaz bezala, 12 taldek eman dute izena: Doneztebeko 4, Iruritako 3, Oitz eta Arraiozko bina eta Hondarribia.
Lehen fasean bi multzotan banatu eta multzo bakoitzeko lehen lau sailkatuek final laurdenak jokatuko dituzte ekainaren 29an, uztailaren 6an edo 13an. Irabazleek finalaurrekoak uztailaren 20an, 25ean edo 27an jokatuko dituzte eta final nagusia Donezteben jokatuko da abuztuaren 3an. Finala Arraiozen egitekoa zen, baina plazaren ondoan egiten ari diren obrak tarteko lekuz aldatu dute. Arraiozek Elizondoko plazan jokatuko ditu etxeko partidak. Hondarribiak ere ezin izanen du bere plaza historikoan jokatu, ondoko harresia berritzen ari baitira.
Bertzalde, abuztuan Iparraldeko Laxoa torneoan parte hartuko du eskualdeko talderen batek Ziburun. Horrez gain, irailetik urrira gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketa jokatuko da Nafarroako Kirol Jolasen barne, eta azarotik aitzinera 10. paxaka txapelketa.