Xanti Uterga eta Iñaki Lizasok irabazi dute II. Master Patxaran Baines

TTIPI TTAPA 2008ko api. 28a, 15:15

TTIPI TTAPA

Aitzineko partidan lortutako aldeari esker irabazi zuten txapela

Kostata eta azken partida galdu arren, Xanti Uterga eta Iñaki Lizasok txapel bana ekarri dute Doneztebera, II. Master Patxaran Baines txapelketa irabazita. Binakako eta buruz buruko txapelketen artekoa da torneo hau, erremonte profesionalaren urteko hirugarren interesgunea. Joan-etorriko emaitzak kontuan hartzen dituen txapelketa honetako azken saioa apirilaren 12an jokatu zen Hernaniko Galarretan, eta doneztebarrek 36 eta 40 galdu zuten Juaristi eta Iriarte gipuzkoarren kontra. Halere, bi finaletako tanto kopuruak aintzat hartuz, Uterga eta Lizaso atera ziren txapeldun.
Joaneko partida Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen eta 40 eta 28 irabazi zuten doneztebarrek. Bigarren partida, ordea, hagitz bertzelakoa izan zen. Juaristi eta Iriartek joku ona erakutsi zuten eta aitzineko partidatik nafarrek zuten 12 tantoko aldeari aurre egiteko gogoz agertu ziren. Markagailuan 25 eta 33 zela, txapela hurbil izan zuten gipuzkoarrek, baina azkenean, lau tantoko aldearekin 40 eta 36 garaitu zituzten Uterga eta Lizaso.
70 minutu iraun zuen partidak eta Utergak 18 tanto egin zituen, Lizasok, berriz, 15 (horietatik 8 sakez). Juaristik 28 tanto egin zituen, eta Iriartek 9 (horietatik 4 sakez).
Txapela soinean, kontent zegoen Doneztebeko bikotea. Utergak Lehen Mailako bere lehenbiziko txapela zuen: «partida gogorra izan arren, eta tantoen aldeak garaipena maldan goiti paratu arren, hagitz gustura nago». Lizasok, bere aldetik, bertze garaipen bat etxeratu du eta hau ere pozik zegoen Doneztebera bertze txapel bat ekarrita. Utergak txapelketa «ona» egin duela nabarmendu zuen Lizasok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun