Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestak mende laurdena ospatuko du maiatzaren bigarren igandean. Aurtengo irabaziekin, ikastola berria eraikiko dute Erberua eskualdean, Nafarroa Beherean, eta Baionan Polo ikastola berrituko dute. Aitor Sarasua bertsolariak asmatu du Mende laurdena, bide erdia leloa eta ikurrean bare kurkuilu bat ikusten da, arrastoan 25 zenbakia ageri dela. Abere hau poliki baina segurki doa aitzinera, eta egin duen bidea ez da makala, Ipar Euskal Herriko ikastolak ederki haunditu baitira. Gaurko egunean, 2 eta 18 urte arteko 2 500 gaztek ikasten dute Iparralde osoan dauden 25 ikastoletan. Mende laurdenean, ikastolen egoera ainitz hobetu da. 1994tik Frantziako hezkunde nazionalak ordaintzen ditu irakasleak, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleek eta Eusko Jaurlaritzak laguntza handia eman dute ikasgelak hobetzeko.
Aurtengo Herri Urrats berritasunez beterik dator, bereziki haurren xokoa hobetuko baitute. Gainerakoan, Maialen Errotabehere, Txan magoa, Betagarri eta Celtas Cortos taldeak ikusi eta entzun ahal izanen dira.