Antzerkia, zinea, dantza eta musika emanaldiak eskualdeko bederatzi herritan Udaberriko Biraren barne

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Ekainaren 15a bitarte zer ikusi izanen da

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak antolatuta, apirilaren 26an ailegatu zen gure ingurura Udaberriko Bira. Ekimen honen bitartez, aurten ere 200 eta 1.000 biztanle arteko herrietan hainbat saio izanen dira. Beintza-Labaienen film batekin hasi zuen eskualdeko itzulia Udaberriko Birak. Maiatzaren 10ean Donamariaren txanda izanen da. Kuko, Truko eta Bolenwaider taldeak Taulara izeneko antzezlana eskainiko du 19:00etan. Biharamunean, Sunbillan, talde berak Munduan zehar ikuskizuna eskainiko du 17:00etan.

Malerrekatik Zugarramurdira eginen du salto Birak, maiatzaren 17an. Kuko, Truko eta Bolenwaider taldeak Munduan zehar ikuskizuna eskainiko du 17:00etan. Bortzirietara ailegatuko da egun berean. Arantzan, Keltiar Aldea folk taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etan. Egun berean, Igantzin, Rocamador taldearen dantza saioa izanen da 20:30ean. Goizuetaren txanda maiatzaren 24an izanen da. Oberena dantza taldeak emanaldia eskainiko du 20:00etan. Ekainaren 13an Legasak hartuko du lekukoa, eta Mozart txakurra filma ikusgai izanen da, 22:00etan. Eskualdeko itzulia Etxalarren akituko da, ekainaren 15ean. Kuko, Truko eta Bolenwaiderrek Taulara eskainiko dute, 15:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun