Erregistro zibilak informatizatzeko hitzarmena sinatu dute Baztan-Bortziriak eta Leitzaldean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Baztan-Bidasoako udal ordezkariak hitzarmena sinatu zuten egunean, Javier Caballero Gobernuko ordezkariarekin batera. TTIPI TTAPA

Guztira eskualdeko 25 udalerrik bat egin dute egitasmoarekin

Baztan-Bidasoaldeko erregistro zibilak informatizatzeko eta on-line jartzeko hitzarmena sinatu zuten apirilaren 15ean Donezteben inguruko udal ordezkariek eta Javier Caballero Martinez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariak. Ekitaldian Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Urrotz, Zubieta eta Zugarramurdiko alkateak izan ziren. Aipatzekoa da apirilaren 9an, hitzarmen bera sinatu zutela Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako udalek ere, Irurtzunen egindako ekitaldian.

Erregistro zibilak informatizatzeak onura nabarmenak ekarriko dituela nabarmendu zuen Caballero kontseilariak, eta eskerrak eman zizkien udalei, prozesuan parte hartu izanagatik. Nafarroako erregistroak informatizatzeko prozesuak 901.760 euroko kostua du. Nafarroako Gobernuak 541.056 euro jarriko ditu, eta gainontzekoa Estatu Espainiarreko Justizia Ministerioak eta Red.es entitate publikoak ordainduko du. Gaur egun, egoera zibilarekin zerikusia duten datuak, jaiotzak, ezkontzak edo heriotzak, bertzeak bertze, eskuz jasotzen dira erregistroetan dauden liburuetan.

Formazioa eta bitartekoak

Behin akordioa sinatuta, udalerrietako erregistro zibilak informatizatzeko prozesua abiatuko da. Nafarroako Gobernuak ordenagailu bat eta inprimagailu bat paratuko du udal bakoitzaren esku. Ordenagailuak INFOREG programa izanen du, erregistro zibilerako prozesu guztiak egiteko erabiliko dena. Eta horrekin batera, erregistro zibilean lanean dauden langileei programa erabiltzeko formazioa eskainiko zaie. Udalen esku egonen da aipatu ordenagailuaren mantenua eta ADSL linea bidezko Internet konexioa ezartzea. Estatu Espainiarreko edozein erregistroko datuak edozein erregistrotik kontsultatu ahal izanen dira gainera, pertsonaren izen-abizenak teklatuz gero, eta edozein udalek izanen du zertifikatuak momentuan emateko gaitasuna.

Sistema berriak desplazamenduak egitea saihestuko du, baina jakina, horretarako estatuko 7.700 erregistro zibiletan ezarri beharko da sistema. Horretan aitzindari izanen omen da Nafarroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun