Apirilaren 16an, denboraldi honetako Bidasoako lehendabiziko izokina arrantzatu zuen Jose Luis Lopez hondarribiarrak Endarlatsan, Lehenbiziko izena hartzen duena, hain zuzen. Ohore handia izaten da lehen alea harrapatzea eta beti ikusmin handia pizten du arrantzale eta oro har jende guztiaren artean. Lehenagokoek eguraldi ederra egiten zuenean ez zela arrantzatu behar erraten zuten, baina apirilaren 16ko eguraldi ederra ikusita bertzelakorik erran daiteke. Goizeko 8ak baino lehen harrapatu zuen 69 urteko hondarribiarrak 4 kilo eta 400 gramo eta 75,5 zentimetroko izokina. Denboraldi honetakoarekin, hirugarren Lehenbizikoa harrapatu du Lopezek. Lehenengoa 2000. urtean arrantzatu nuen, bigarrena orain dela bi urte eta apirilaren 16an hirugarrena. Iruñeko Hartza jatetxeak izokina erosteko interesa agertua omen zuen ordurako.
Urteroko ohiturari segituz, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak oroigarria banatu zuen. Elkartearen izenean, Fran Agarak Lehenbizikoa arrantzatu izanaren saria eman zion hondarribiarrari.