Apirilaren 11n egindako batzarrean onartu zuen Herriko Etxeak aurtengo udal aurrekontua, 1.850.000 euro ingurukoa. Halere, ez zen aho batez erabaki, Herri Taldeak bakarrik onartu baitzuen. EAk, aldiz, ez zuen bozketan parte hartu, aitzinetik 2007ko kontuak ikusi nahi dituztelakoz.
Patxiku Irisarri alkatearen arabera, inbertsiorik potoloena eskolarena izanen da. Iaz 164.000 euro gastatu baziren, aurten 140.000 euro eginen dira. Horrez gain, igerilekua legediari egokitzen 60.000 euro gastatuko dira; Kultur Etxean igogailua paratuko da; Zabaleta mendiaren zati bat erosteko 80.000 euro bideratuko dira eta pistatan 300.000 euro. Bertzeak bertze, Mendiondo, Jonperon, Uzkaitz, Urtxaine eta Bagokobordarako pistendako izanen da. Mendian landaketa eta garbiketan 120.000 euro inbertituko dira.
EAk, bere aldetik, Nafarroako Kontu Ganbarari Udalaren egoera ekonomikoaz auditoria eskatu dio. Arantxa Zubieta EAko zinegotziaren hitzetan, «aspaldian gabiltza iazko kontuak eskatzen eta ez dugu lortu». Alkatea ez da auditoriaren aldekoa:«kontuak ongi ordenatuak baitaude».
Industrialdea
Arrakoizko industrialdeko hitzarmenak ere piztu du Herri Taldearen eta oposizioaren arteko eztabaida. Arrakoitz aldean industrialdea egiteko sinatu den hitzarmena urbanistikoa dela argitu digu Patxikuk, «industrialdea hasteko lehen harria».
Hitzarmen horren arabera, promotoreak Udalari %10a zedituko dio, eta Arrakoitz baserria ere bere esku geldituko da. EA, berriz, hitzarmena herriaren interesen kontrakoa eta pribatuaren aldekoa delakoan dago, «%10az eta Arrakoitz baserriaz gain, aparteko etekina ere atera zitekeelako». Irisarrik, aldiz, argi du herriarentzat ahal zen guztia eskatu dutela: «Orain eskuratuko den %10az gain, industrialdeak sortuko duen aberastasuna ere herriaren onerako izanen da».