Tabakoa erretzea galarazita dago nonahi; gure hobe beharrez, noski !!. Gure osasuna zaintzeko, bizi-kalitatea, ingurugiroa, aire garbia,... baina brea labea jarri behar digute.
Brea ? Labea? Non?... Alkaiagan, etxe atarian. Baina lasai, dena legala da gero ! Hau ere legala. Legala izanen da, zuek legalizatu duzuelako.
Bi miloi pezeta eskaini omen dizkizuete, diotenez; 12.000 euro eta brea pixko bat. 12.000 euro ziztrin. Gargero, zenbat halako, zenbat aldiz 12.000 euro gastatu ote ditu haundikeritan Lesakak?
Brea behar omen da, bide berriak egiteko. Alegia, badakigu behar dela. Baina Berako herri sarreran? Ez zen toki hobeagorik? Hau da tokirik egokiena labe bat jartzeko, galipota+betuna+petrolioa, tximinetik kea dariela? Gure lehio parean, 700 biztanle bizi geranon etxeko ate-atean ?
Garbia omen da. Ez omen du inongo kalterik. A, ez ? Kalterik ez badu, zergatik bidali dituzte aintzinean hartuta toki guztietatik? Zergatik ez duzue orduan Luberrondon hartu zeuek, hortxe daukazue pabeloi ederra huts-hutsik. Edo agian hobe Zambran, txatarreria bihurtzen ari den zelaian? Aukera ederra. Hain garbia baldin bada brea labea !
Progresoa omen, aurrerapena. Aurrera ? Norentzat aurrera, noruntz?. Aurrera ez dakit, pena bai. Pena, penagarria: toki egokiagoa bila zitekeelako honentzat; dena onartu diozue ORSAri, umil eta men. Auzotarrekin berriz ihesean, egia gordeka, isilka.
Eta Berako Udala? Berako gure Udala missing dago, lotan, galdurik agian? elkarren zelotan mokoka seguru.
Berako Agerra auzotik,haserre.