Dantxarinearen inguruan argibide batzuk

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Urdazubiko Urtxume udal taldeak nahasmendua eta alarma eragiteko informazioa zeharka eta modu interesatuan ematen duela ikusita, Urdazubiko Udalean gehiengoa duen Azkar taldeak ondoko puntualizazioak egin nahi ditu:
Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuak bere garaian Urdazubiko Udaleko ordezkariei jakinarazi zien, Dantxarineako zeharbidean egin beharreko lanak babestu eta lagunduko zituela, eta ez balizko saihesbidea.
Urdazubi Udalak, Urtxume taldearen kontrako botoekin, Dantxarineako merkatari gehienen nahiari eta interes orokorrari so eginez, behin betiko onartu zuen Dantxarineako zeharbidea hobetzeko proiektua, egitasmo horrek Dantxarineako trafikoa eta Zugarramurdirako sarbideen egoera hobetuko dituela ziur dagoelako, baita eskualdeko merkataritza mantendu eta indartuko duela ere. Horrez gain, Dantxarineari irudi hobea emanen dio; beraz, Urdazubiri ere bai.
Urtxume taldea hainbertze arduratzen duen finantzazioari dagokionean, argi utzi nahi dugu zeharbidea hobetzeko 3.279.486,37 euroko aurrekontutik, 2.800.000 euro Nafarroako Gobernuko departamentu diferenteetatik eta bertze laguntzei esker lortuko direla. Hori hala, Udalak 500.000 euroko gastua hartu beharko du bere gain. Baina kontua da, Dantxarineako komertziante ia guztiekin —batekin izan ezik— diru kopuru hori eurek bideratuko dutela dioen ahozko akordioa egina dagoela.
Proiektuaren kostua eta gainerako zerga guztiak aipatutako aurrekontuaren barne daude.
Eginen dena zeharbidea izanen denez —eta ez saihesbidea–, ez da desjabetzerik eginen, lurren jabeekin adiskidetasun akordiora ailegatu garelako.
Edonola ere, Urtxume taldeak aspalditik ezagutzen ditu kontu eta aurrekontu hauek. Ulertezina da nahasmendua sortzeko eta ezagutzen ez ditugun interesengatik bide hori hartu izana, Dantxarineako komertzianteen eta Urdazubiko herriaren alde lan egin beharrean.

Urdazubiko Udaleko AZKAR taldea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun