Lurreko Telebista Digitalaren seinalea hobetzeko espedientea aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 25a

Leitzako Erasote eta Erreka auzoetan ikusten ez dela eta galdera egin du Parlamentuan Aitor Etxarrik

Nafarroako Gobernuak hiru erabaki hartu ditu Nafarroako Herri Lanak eta Telekomunikazioak (Opnatel), Vodafone España, eta Cableuropa enpresek aurkeztutako Lurraldeko Azpiegitura Planak jende aurrean jartzeko eta aldi berean aipatu planek ukitzen dituzten udalei audientzia emateko. Lurreko Telebista Digitala edo TDT seinalea banatzeko espedienteak hilabeteko epean interesatuen esku daude Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departementuko bulegoan eta aipatu epean nahi adina alegazio aurkezten ahal dira.

Eskualdeko estazioak Opnatel-en eskutik

Opnatel enpresa publikoa Nafarroako Gobernuaren Telekomunikazio Zentroak kudeatzeaz ardrudatzen da. Landa eremuetan telebista analogikoaren eta digitalaren zerbitzuak eskaintzen ditu, bertzeak bertze. Lurreko Telebista Digitalaren seinalea hedatzeko, errepikagailuaren eta erabiltzailearen arteko distantzia ttikiagoa izatea eskatzen du, tresnen potentzia ere ttikiagoa delako. Horregatik zentru berriak eraiki behar dira, neurri handi batean, landa eremuetan banda zabala ezartzeko zabaltzen ari den sarearekin bat eginen dutenak. Opnatelek Nafarroan aurkeztu duen Azpiegitura Planaren arabera 88 estazio izanen dira, horietatik 64 eginak daude dagoeneko eta bertze 24 berriak izanen dira. Ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean ukituko dituen herriak Arano, Arantza, Baztan, Bera, Doneztebe, Etxalar, Goizueta, Irurita, Leitza, Lesaka, Saldias, Urdazubi, Zubieta eta Zugarramurdi dira. Vodafonek eta Cableuropak eskatutako estazioetatik bakar bat ere ez dago eskualdean.

Leitzako Erasote eta Errekara ez da seinalerik ailegatzen

Lurreko Telebista Digitalaren aferekin segituz, Nafarroa Bai koalizioak Leitzako TDT zerbitzuari buruzko galdera egin du Nafarroako parlamentuan. Hain zuzen, parlamentaria eta Leitzan EAko zinegotzia den Aitor Etxarrik aipatu duenez, Leitzako Erasote eta Erreka auzoetan seinalea hartzeko arazoak daude eta gaur egun ezin da ikusi. Inguru hauetan TDTa ez ikustearen arrazoiak zein diren galdetu dio Etxarrik Nafarroako Gobernuari, baita beste zonalde batzuei ere eragiten dien arazoa moldatzeko zerbait egitea aurreikusia duten ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun