Udaberriko Birako kulturaldiko lehen saioa larunbatean ailegatuko da eskualdera

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 24a

200 eta 1000 bizilagun arteko herrietara ailegatuko dira kultur ekitaldiak

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak antolatuta, larunbat honetan, apirilaren 26an ailegatuko da gure ingurura Udaberriko Bira. Ekimen honen bitartez, aurten ere 200 eta 1.000 biztanle arteko herrietan hainbat saio izanen dira.

Malerrekako ekitaldiak

Beintza-Labaienen film batekin hasiko du eskualdeko itzulia Udaberriko Birak. Arratseko 21:00etan eliz atarian eskainiko den “Pepper” pelikularekin, hain zuzen. Maiatzaren 10ean Donamariaren txanda izanen da. Kuko, Truko eta Bolenwaider taldeak “Taulara” izeneko antzezlana eskainiko du arratsaldeko 19:00etan frontoian. Biharamunean, maiatzaren 11n, Sunbillako frontoian, talde berak “Munduan zehar” ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko 17:00etan.

Zugarramurdi, Arantza eta Igantzin maiatzaren 17an

Malerrekatik Zugarramurdira eginen du salto Birak, maiatzaren 17an. Kuko, Truko eta Bolenwaider taldeak “Munduan zehar” ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko 17:00etan Sorginen Museoan. Bortzirietara ailegatuko da egun berean. Arantzan, Keltiar Aldea folk taldeak kontzertua eskainiko du arratseko 8etan frontoian. Egun berean, Igantzin, Rocamador taldearen dantza saioa izanen da arratseko 20:30ean plazan.

Goizueta, Legasa eta Etxalar

Goizuetaren txanda maiatzaren 24an izanen da. Oberena dantza taldeak emanaldia eskainiko du arratseko 20:00etan plazan. Ekainaren 13an Legasak hartuko du lekukoa, eta “Mozart txakurra” filma ikusgai izanen da, gaueko 22:00etan plazan. Eskualdeko itzulia Etxalarren akituko da, ekainaren 15ean. Kuko, Truko eta Bolenwaiderrek “Taulara” eskainiko dute, arratsaldeko 15:30ean plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun