Malerrekako haur eta gaztetxoendako bederatzigarren ipuin eta bertso-paper lehiaketako sariak banatu ziren asteazkenean, apirilaren 23an, Doneztebeko eskolan. Zortzi eta hamabi urte arteko gaztetxoen artean euskaraz idazteko ohitura sortu edo areagotzea eta bertsolaritzarako zaletasuna bulkatzea da Malerrekako Euskara Zerbitzuaren helburua. Aski finkatua dagoen egitasmo honek bederatzigarren urtebetetzea egin du dagoeneko. Aurtengo partehartzeari dagokionez 55 ipuin eta 41 bertso-paper jaso dituzte, partehartzaileak orotara 96 izan direlarik.
Ipuin lehiaketara 55 idazlan aurkeztu ziren
Sariak emateko besta ttikia ospatu zuten asteazkenean, apirilaren 23an, Doneztebeko eskolan partehartzaile guziendako, baita hurbildu ziren gurasoendako, berendua eta txokolatea eskainiz. Partehartzaile guziek opari bana ere jaso zuten. Ipuin lehiaketan, 8 eta 10 urteko ikasleek aurkeztutako 34 lanen artean, lehenbiziko saria Doneztebeko eskolan Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan ari den Lorena Juanenaren “Jirafa txikia” ipuinarentzat izan zen eta bigarren saria, ikastetxe berean laugarren mailan ari den Alazne Erasunen “Kale katua” idazlanarentzat. 10 eta 12 urte artekoei zuzendutako ipuin lehiaketan 21 idazlan aurkeztu ziren eta horien artean, Doneztebeko eskolan bosgarren mailan ikasten ari den Jon Aldaberen “Txokolatezko zelaia ipuinak eskuratu zuen lehen saria eta Narbarteko eskolan seigarren mailan ari den Uxoa Mutuberriaren “Lagun gaiztoak” ipuinak bigarrena.
Bertso-paper lehiaketara 41 bertso-sorta
Bertso-paper lehiaketan 10 eta 12 urte arteko ikasleek bakarrik parte hartu dute eta guzira 41 bertso-paper aurkeztu dira. Ipuinetan bezalaxe, bertso-paperetan ere Doneztebeko eskolako Jon Aldabek eskuratu du lehen saria, “Eskolako klaseak” gaiarekin egindako bertso-sortarekin. Bigarren saria, Doneztebeko eskolan seigarren maila ikasten duen Olatz Baleztenak eskuratu zuen, “Udaberriaren etorrera” bertso-sortarekin.
Luis Garderen “Urtzailearen beharra”
Asteazkenean Liburuaren Eguna ospatzen zela aprobetxatuz, doneztebarren aitzinean bere liburu berria nolakoa izanen den aurkeztu zuen Luis Gardek Donezteben bizi den idazleak, Alondigako erakusketa aretoan. Oraindik liburua esku artean ez badu ere, Joseba Jaka beka eskuratu ondotik, hirugarren lan honetan murgildu zela aipatu zuen Luis Gardek.
2004an plazaratu zuen Luis Garde Iriartek lehen poema-liburua: “Oihan nabarra”, eta Euskaltzaindiaren eta BBKren Felipe Arrese Beitia saria lortu. Joan den urteko uda hasieran bigarrena kaleratu zuen: Haize hegoaren aroak. Bigarrenean euskaldunak tartean diren gerren poemak bildu zituen, karlistadenak, 1936koak, egungo gatazkaren ingurukoak, etorkizunekoak...
Donezteben bizi den iruñear honek hirugarren poema liburua ere argitaratuko du orain: “Urtzailearen beharra”.
Metapoesiari buruzko liburua
Lehenbizikoa idaztearekoan zuen gogo eta grinak bultzatu omen du hirugarren hau idaztera ere.
‘Urtzailearen beharra” liburu honetan metapoesiaz ari omen da Garde, hau da poesia berari buruzko poesiaz:
Oraindik liburua argitaratu ez bada ere, heldu den hilabetean, beti ere uda baino lehen liburutegi eta liburudendetan izatea espero du: