Dindaia Fundazioak, Aixe aisialdi taldearen bitartez eta Sortzen Ikasbatuazekin hitzartutako ekimenean 2008ko Udako egonaldiak antolatu ditu. Udako egonaldi hauek Iruñeko Udalaren, Udalbideren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere badute.
Pilota kanpaldia Donezteben
Zehazki, ekainaren 23tik 27ra, 5 egun eta 4 gauez, laugarren pilota kanpaldia eginen da Doneztebeko Belbieretxea aterpean, Belate pilota elkartearekin batera. 8 eta 11 edo 12 urte arteko haurrek parte hartzen ahal dute kanpaldi honetan eta 29 neska-mutikorentzako plazak daude. Goizean Euskal Pilota, arratsaldean mendi irteerak eta igerilekua eta gauean jolasak, filmak eta festa izanen dira. Hondar egunean, ekainaren 27an, pilotari profesionalekin hitzordua eta pilota saioa ere izanen dira eta txapelketaren finalak jokatuko dira. Egonaldiaren prezioa 120 eurokoa da.
Getariara eta Lizarrara
Data beretan, ekainaren 23tik 27ra, Getariako Askizu aterpetxean egonaldia egiteko aukera izanen dute Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek batetik eta Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila artekoek, bertzetik. Talde bakoitzean 27 neska-mutikorendako lekua izanen da eta mendi irteerak, hondartza, Getariako portura bisita, jolasak, gaubelak eta bertze izanen dituzte. Adin hauetako ikasleek Lizarrako kanpinera joateko aukera ere izanen dute, bi txandatan: ekainaren 30etik uztailaren 3ra eta uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Txanda bakoitzean 40 haurrendako lekua izanen da. Lehenbiziko txandakoek 128 euro ordaindu beharko dute eta bigarrenekoek 135 euro. Lizarrara bisitak, ginkanak, gaubelak, jolasak, igerilekua, piraguismo eta bertze kirol ekintzaren bat eginen dute.
Abuztuan Getarian eta Arabako Zuhatza irlan
Abuztuan ere izanen dira egonaldi gehiago. Abuztuaren 18tik 22ra Getariako Askizu aterpetxean Lehen Hezkuntzako lehen mailatik laugarrenera bitarteko 27 haurrek izanen dute aukera, 130 euroren truke. Abuztuaren 25etik 29ra, berriz, Arabako Zuhatzako irlan egoteko aukera izanen dute Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko 50 haurrek, 138 euroren truke. Ur kirolak, piraguismoa, bela eta ureko bertze kirolak egiteko modua izanen dute.
Izen ematea maiatzaren 9a baino lehen
Izen ematea maiatzaren 9a baino lehen egin behar da, horretarako 948 266240 telefonora deitu edo info@dindaia.com e-postara idatzi behar da. Izen emateko behar diren datuak ere bertan jakinaraziko dira.