1.850.000 euroko aurrekontua izanen du aurten Etxalako Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 22a

EAk ez zuen bozkatu, iazko kontuak oraindik ez dituelako ikusi

Joan den apirilaren 11n egindako batzarrean onartu zuen Etxalarko Herriko Etxeak aurtengo udal aurrekontua, 1.850.000 euro ingurukoa, pezetatan 300 milioi pasaxeak. Dena den, ez zen ahobatekotasunik izan erabaki horretan eta alkatetza duen Herri Taldeak bakarrik onartu zituen aurrekontuak. Eusko Alkartasunak, aldiz, ez zuen bozketan parte hartu nahi, aitzinetik 2007ko kontuak ikusi nahi dituztelakoz. Bi taldeen iritzia jakiteko, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatearekin eta Arantxa Zubieta, EAko zinegotziarekin izan gara.

Inbertsio nagusiak

Patxiku Irisarrik: “Inbertsiorik potoloena eskolarena izanen da. Joan den urtean hasi ginen eta bi urteko aurrekontutan sartua daukagu. Eskolari bertze pisu bat ematea erabaki genuen eta hori aurtengo aurrekontuetan somatzen da. Joan den urteakoa 164.000 euro eta aurten bertze 140.000 euro inguru izanen dira. Igerilekua oraingo legedeari egokitzeko 60.000 euroko dirusaila sartu dugu; Kultur Etxeko igogailua ere sartu dugu, bospasei urte daramazkigu dirulaguntza eskatzen Nafarroako Gobernuari eta ez digute eman. Nafarroako Kutxako, Zuk erabaki, zuk aukeratu programatik 26.000 euro hartu ditugu egitasmo honetarako eta horrekin jarriko dugu igogailua. Udaletxearen gibeleko aldea txukundu eta etxola bat burun buru eginen dugu eta bertze lan ttikixeago batzuk eginen ditugu… Mendira pasatuta, Zabaleta mendiaren zati bat erosiko dugu, 80.000 euro inguru gastatuz. Pistatan 300.000 euro sartuko ditugu, bertzeak bertze Mendiondo, Jonperon, Uzkaitz, Urtxaine eta Bagokobordarako pistendako. Mendi landaketa eta garbiketetarako 120.000 euro inbertituko ditugu. Turismo arloan, dirulaguntzaren arabera, herri mailako lantxo bat egin nahi dugu, 30.000 euroan”.

Iazko kontuak ikusi gabe

Aipatu bezala, EAk ez zuen bozketan parte hartu. Arantxa Zubieta zinegotziak aipatu digunez, aspaldian dabiltza iazko kontuak eskatzen eta ez dute lortu. Nafarroako Kontu Ganbarari Etxalako udalaren ekonomia egoeraz auditoria egitea ere eskatu dute. “Ikusiz konturik ez dagoela, aurkeztu genuen mozioa auditoria egitea eskatuz. Kontuak behin eta berriz eskatu arren eman ez zaizkigunez, arraroa iruditzen zaigu eta horregatik auditoria eskatu dugu”. Patxiku Irisarri alkateak ez dator bat EAk auditoria eskatzearekin. Bere ustez, aurrekontua onartzeko ez da kontuak itxi beharrik eta ez dio inolako beldurrik auditoriari ere, bere ustez Etxalarko kontuak garbi daudelako. “Etxalarko kontuak ordenatuak daude, ongi, Bortzirietan hobekien daudenak irudtzen zaigu”.

Arrakoizko industrialdearen hitzarmena

Baina aurrekontuaz gain, bertze gai garrantzitsu batek ere Etxalarko udal gobernuaren eta oposizioaren arteko eztabaida piztu du. Arrakoizko industrialdeko hitzarmenaz ari gara. Jakina denez, Arrakoitz inguruan industrialdea egiteko asmoa dago. Hitzarmena zertan den galdegin diogu Patxikuri: Hitzarmen urbanistikoa da, azkenean, Arrakoizko poligonoa hasteko lehendabiziko harria. Udalak, planeamenduaren aldaketa eginen du, gure kargura; bertze aldetik, promotoreak Etxalarko Udalari %10 zedituko dio, 6.500-6.700 metro koadro. Arrakoiz baserria ere udalaren esku utziko dute. Mantenimendu lanak poligonoaren gain izanen dira. Ur-depositoren kloratze sistema eta ur zikinen depuradoren gastuak, hasieran udalak ordaindu behar bazituen ere, orain hitzarmenean poligonoaren esku joanen dela ageri da”. Eusko Alkartasunaren ustez, hitzarmen hau Etxalarko herriaren interesen kontrakoa eta pribatuaren aldekoa. Hala dio Arantxa Zubietak: “Beti Arrakoitzeko lur eremua industriala bihurtzearen alde izan gara, baina Udalak bere esku dauka lur-eremu horren rekalifikazioarekin herriarentzat ahalik eta etekin handienak ateratzeko. Promotoreak ere bere etekinak aterako dituen bezalaxe. Hitzarmen horretan, puntu batzuk sartzea eskatu genuen eta Herri Taldeak ez zituen onartu eta kontra bozkatu genun. Orain arte egin diren gastuak promotoreak udalari ordaintzea eskatu genuen; legeak erraten duen %10aren aparteko etekina ateratzeko posizioan dagoela Udala uste dugu eta Arrakoitz baserriaz gain, nabe bat udalaren esku gelditzea eskatzen genuen… Etxalarko udalak herrilurra uzten dio promotorari ur-depositoa egiteko eta ados gaude, baina horren truke udalak ordainean zerbait hartzeko eskubidea ere badauka”. Patxiku Irisarri alkatearen ustez, aldiz, herriarentzat ahal zen guzia eskatu dute. Orain eskuratuko den %10az gain, industrialdeak sortuko duen aberastasuna ere Etxalarren onerako izanen dela dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun