Sunbillako sarbidea moldatzea eskatu dio Nafarroa Baik Gobernuari

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 22a

Soluziorik egokiena lur azpiko tunela egitea dela uste du

Nafarroa Bai koalizioko Koldo Amezketak Sunbillako bidegurutzean istripu gehiago izan daitezen saihestea eta lehenbailehen sarbide seguruagoa eraikitzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Asteazkenean izandako istripu larriaren ondorioz, Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Batzordean Nafarroa Baiko bozeramalea denak, Sunbillako bidegurutzearen arrisku handia murrizteko behar diren neurriak lehenbailehen hartzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari, “egoera hori aspaldian salatzen ari baitira sunbildarrak”.

«Biktima ugari eragiten dituen arduragabekeria»

Koldo Amezketaren ustez, “N121A errepideko lanen barrenean, bertze arduragabekeri bat gehiago da hau, baina biktima aunitz eragiten dituen arduragabekeria da”. Nafarroa Baiko ordezkariaren arabera, ÷ez da aski trafiko handia duten errepideak hobetzea, inguruko herrietarako sarbideak ere egoki moldatu behar dira”. Sunbillaren kasuan, 1992an saihesbidea egin eta tunela ireki zenetik, herrirako sarbideei eman zitzaien soluzioa salatu zen eta lur azpiko pasabidea eraikitzea eskatu zen.

«Bertze sarbidea ere arriskutsua da»

Herrilan Batzordeko bozeramaleak aipatu duenez, “Sunbildarrak hagitz kezkatuak daude egunero-egunero bidegurutze horretatik herritik atera eta herrira sartu behar dutelako, eta ikuspen eskasa dutelako, horrek eragiten duen arriskuarekin”. Baina, sunbildarren ustez, azken istripua gertatu den bidegurutzea bezain arriskutsua da tunelaren iparraldera dagoen bertze sarbidea ere. Horregatik, Amezketak dioenez, “bizilagunek egunero arriskuan daude, aitzinetik planifikazio eta aurreikuspen egokia egin balitz gertatuko ez zena. Izan ere, errexena eta merkeena egin da, trafikoarendako seguruena eta eraginkorrena egin ordez.

«Sarbiderik egokiena, lur azpiko tunela»

Soluziorik egokiena, sarbiderako lur azpiko tunelak egitea uste du Nafarroa Bai koalizioak, sunbildarren eskariarekin bat eginez. Horregatik, eskari hau serioski kontuan hartzea eta baldintza egokiak dituen pasabidea lehenbailehen eraikitzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari “bertze desgraziaren bat gertatu baino lehen”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun