Apirilaren 23an ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna. Irakurzaletasuna bultzatu nahi du egun honekin Unescok eta egun hori aukeratu zen, 1616ko apirilaren 23an hil zirelako Cervantes, Shakespeare eta Garcilso de la Vega.
Liburu aurkezpena Donezteben asteazkenean
Egun horren inguruan hainbat ekitaldi egiten dira, batez ere liburutegi inguruetan. Errate baterako, asteazkenean, apirilaren 23an, Doneztebeko liburutegian Luis Garde Iriarteren “Urtzailearen beharra” hirugarren olerki liburuaren aurkezpena eginen da Alondigako Erakusketa aretoan, arratsaldeko 6etatik aitzinera. Doneztebeko Udalak antolatutako aurkezpena akitzerakoan, bertaratutakoei berendu ttiki bat emanen zaie.
Bera eta Lesakako liburutegietan ipuinak astearte arratsaldean
Bertze aldetik, Liburuaren Egunaren aizakian, Gus Marionetas taldearen “Liburuzaina estu eta larri”, 6 urtetik goitiko neska-mutikoendako ikuskizuna herriz herri dabil. Apirilaren 16an Baztanen izan zen, apirilaren 17an Leitzan eta apirilaren 22an, asteartean, Beran izanen da, arratsaldeko 18:00etan liburutegian. Lesakan ere, apirilaren 22an, asteartearekin, “Kokoriko eta beste” beldurrezko ipuin barregarriak kontatuko dizkie Maite Frankok 4 eta 8 urte arteko neska mutikoei, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera liburutegian.