Zabor bilketarengatik ordaindu beharreko tasa 17 euro terdi igoko da aurten

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 18a

Patxiku Irisarri konposta egiteko ontzi baten ondoan. Gisa honetako ontziak banatuko ditu Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak, esperientzia pilotu gisara. TTIPI TTAPA

Zabortegiak itxi eta zaborrak tratamendu berezia jasotzen duelako

Nafarroako Hiri Hondakin Solidoen Partzuergoan dauden 9 mankomunitatetako erabiltzaileek igoera somatuko dute aurtengo tasetan. Mankomunitate horien artean daude, hain zuzen, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea eta Baztango Udala. Leitzaldeko herriak ere Partzuergoarekin harremanetan jarri dira. 17,5 eurokoa izanen da urteko tasaren igoera, 1,45 euro hilean. Tasa berri horrekin 1,7 milioi euro bilduko dira aurten, eta horrez gain, Nafarroako Gobernuak 4,4 milioi euro bideratu ditu Partzuergora. Diru horrekin, zabortegiak itxi eta zaborrek orain arte jaso ez duten tratamentua jasoko dute. Halere, Patxiku Irisarri, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko presidenteak aipatu digunez, baliteke hurrengo urteetan tasek goiti egitea: “aipatzekoa da, Nafarroako Gobernuak Partuergoari laguntzen ari dela, eta partzuergoaren aurrekontuaren erdia Gobernuko Toki Administrazioak bideratu duela. Aurten 17 euro baldin bada, eta hurrengo lauzpabortz urtetan hori igotzen joanen dela aurreikusi daiteke. Gobernuak dirulaguntza guttitzen joanen dela erran baitigute, eta gastua nafarroako herritarren gain joanen delako”

Zabortegiak itxi eta zaborrari tratamendua eman

Maiatzean jasoko dugun erreziboetan, urte erdiko ordainketa egiten denez, 9 euro eskaseko igoera somatuko du erabiltzaileak, baina igoera ttiki horren aldean onura handiak direla uste du: “Lehen onura da, orain arteko zabortegiak itxi, Ibardingo zabortegian ez zen inolako tratamenturik ematen. Zaborra bota, tartean lurra gainetik bota eta ez zein inolako tratamenturik egiten. Orain Nafarroa osoan hiru planta izatea lortu nahi da, Tuteran, Iruñean eta Karterren, eta hor tratamendu berezia ematen diete han. Tratamentua biomentanizazioa izaten ahal da, zaborrari gasa atera eta zabor kopurua ttikitzea, edo bertzetik, konpostajea bultzatu”.

Konposta egiteko ontziak banatuko dira Bortzirietan

Etxeko sukaldean sortzen den zabor organikoa ongarri bihurtu. Horixe bera egiten du konpost makinak. Zaborra tratatzeko modu azkarra eta merkea dela diote adituek. Sukaldean materia organikoak gainerakoetatik bereizi eta makinara bota, egunero nahasi eta lau asteren buruan konposta egiten du, ongarria, alegia. Eta lorategi eta baratzeetara botatzeko prest. Europar Batasuneko araudiaren arabera, 2016. urterako erdira jautsi behar du zabor kopuruak, eta bide horretan ari dira Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean. Berriki birziklatzea bultzatzeko poltsa bereziak banatu zituzten bortz herrietan. Orain, berriz, zabor organikoa murriztu nahi dute, eta horretarako konpost makinekin proba pilotuak eginen dituzte Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako 80-100 bat etxebizitzetan. Proiektuaren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu Patxiku Irisarrik: “Zaborraren %45a janariaren soberakinak direla, zabor organikoa, alegia. Eta etxeetan aprobetxatu daitekeena da. Bortzirietako Mankomunitatetik Valdizarbekoarekin harremanetan jarri gara horrelako proiektu martxan paratu dutelako. Proiektu pilotu bat hasi nahi dugu, Bortzirietako biztanleei proeiktua aurkeztuko diegu, eta 80-100 etxeetan konponst makinak paratu nahi ditugu, erabiltzeko eta ikusteko hori aprobetxatzen ahal dela, eta konpost hori erabilgarria dela ikustea nahi dugu, ongarri bezala landa eta lorategietan erabiltzeko.

Erabilera kontrolatzeko pertsona bat ibiliko da etxez etxe

Ontzi hauek doan banatuko dituzte eta prozesua nola izanen den azaldu digu Irisarrik: “Lehenbizi, irail aldean, publizitatea eman nahi diogu proiekturi. Hortik hasita, zerrenda irekiko dugu jendea apuntatzeko eta bortz herrietan banatuko ditugu biztanlearen arabera. Behin banaketa egindakoan, hautatako pertsonei ikastaro labur bat emanen zaio, konpostajea nola egiten den azalduz. Prozesua hori izanen da”. Behin konposta egiteko ontziak banatuta, segimendua ere eginen omen zaie: “Pertsona batek jarraipena eginen du konpost makinari. Doakoa izanik gerta baitaiteke hartu eta zoko batean uztea eta gure asmoa ematen ditugun konponst makinak erabiltzea da. Horregatik pertsona bat etxez etxe ibilko da konponstajea nola egiten dute segitzeko. Nola erabiltzen duten ikusteko, eta okerrik egonez gero zuzentzeko”.

Garai bateko aprobetxamendura bueltatu

Garai batean baserri eta etxean egiten zen aprobetxamendura bueltatzea dela uste du Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateko presidenteak: “Poliki poliki lehengora bueltatzen ari gara. Lehen etxeetan organiko aunitz aprobetxatzen zen eta azindei botatzeko eta ez zen zaborretara botatzen. Orain berriz ere aprobetxatzen ez duguna aprobetxatzea nahi dugu. Lehengo ohituretara bueltatzea”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun