Ume sortuberrien familiendako material berria da “Duzun Onena”, hauen hizkuntza garapenerako aholku batzuk emateko. Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek egin eta argitaratu dute eta Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntza izan du. Material honen helburua da hizkuntzei familian eman beharreko tratamenduaz hainbat gomendio proposatzea. Duzun onena titulua aukeratu da familia baita umearen babeslekua eta umearen lehen ikastetxea: emozio, balore eta sentimenduen ikastetxea. Horrela, gurasoak dira irakasle, eta tresna nagusia haien jokabidea da, beraiek ematen dien eredua. Gurasoen zeregina da haurrak hazten laguntzea, dauzkaten gaitasunak garatzen laguntzea, seme-alaben bertsiorik hoberena lortzea; eta, hizkuntzen eremura eramanda, seme-alabei ahalik eta hiztunik hoberenak eta osatuenak izaten laguntzea.
Transmisioaren garrantzia
Patri Arburua, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariak aipatu digunez, “garrantzitsua da familiak ongi informatuta egotea, euskara ahalik eta hobekien transmititzeko edo, etxekoek ez badakite, hizkuntzarekiko jarrera positiboak transmititzeko”. Horregatik, familiekiko harremanak jarraitzen du haurrek urtebete dutenean, orduan Kontu txikiak izeneko materiala ematen zaie, bertan liburu bat eta CD bat daude, euskarazko jolasekin eta kantekin, umeekin batera aritzeko. Produktu hau egokia da familia euskaldunentzat eta erdaldunentzat, jarraibideak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzirik baitaude.
Gidaliburuaren ezaugarriak
Gidaliburuak hainbat atal dauzka. Lehenengoan, gurasoei esaten zaie zeinen garrantzitsua den familia, hizkuntzak ikasteko. Bide batez, jolasa nabarmentzen da, zeren eta, haurrak jolasaren bitartez ikasten du, gizartean aurrera egiteko jokabideak eta estrategiak bereganatzen ditu. Bestalde, azpimarratzen da gurasoek zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta hobeki ikasiko duela bere pentsamenduak txukun adierazten. Bigarren atalean, euskara ikasteko baldintza egokienak azaltzen dira, hau da, komeni da haurraren inguru hurbilean (lagunak, familia, zaintzailea, haur-eskola...) euskarak presentzia izatea; baita jolasteko eta ikasteko erabiliko dituen ipuin, joko, musika, telebista eta abarretan ere. Era berean, D eredua hautatzea komenigarria dela aipatzen da, gaur-gaurkoz umeak euskara nahiz gaztelania ikasteko eredu bakarra baita. Gurasoen hizkuntza tipologiaren arabera, aholku praktikoak ere ematen dira,
Hiztegi ilustratua
Argibideak hiztegi ilustratu batekin osatzen dira, haur hizkeran gehien agertzen diren hitzekin. Ondoko gaiak jorratzen dira: gorputza, elikagaiak, aditz erabilienak, animaliak eta familia. Gero, atal bat gehitu da hizkuntza eredu zuzena emateko, hutsegite arruntenak sahiesteko. Beste atal batean, jolas erraz batzuk proposatzen dira, euskara aise erabiltzeko. Bukatzeko, ikus-entzunezko bibliografia dago gehiago jakin nahi dutenentzat, hor aurkituko dituzte: sehaska kantak, haur musika, jolasak, ipuinak eta haur hizkera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!