Istripu larria izan da N-121A errepidean Sunbillako bidegurutzean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 17a

TTIPI TTAPA

Lindutx-Baztan enpresako kamioi batek eta La Baztanesako autobusak elkar jo eta kamioi gidaria hagitz larri dago

N-121A errepidean Sunbillako bidegurutzean istripu larria izan zen asteazken goizeko 9:14 aldera. La Baztanesako lineako autobus batek eta Lindutx-Baztan enpresako kamioiak parez pare jo zuten eta, 11 zauritu izan ziren. Horietatik 34 urteko Amaiurko kamioi gidaria hagitz larri dago; autobusean zihoazen bi zaurituren pronostikoa erreserbatua da; bertze bi ere ingresatuak daude eta gainerako seik medikuaren senda-agiria jaso zuten atzo eguerdian. Badirudi, autobusa N-121A errepidea gurutzatzen ari zela Sunbillara sartzeko eta Iruñerako norabidean zihoan kamioiak jo zuen.

Iruña eta Irungo ospitaletara

Larrien zegoen kamioi gidaria Iruñeko Nafarroako Ospitalera eraman zuten, konorterik gabe eta intubatuta. Buruko traumatismoa, kubituko haustura eta ezkerraldeko aldakan lokadura duela jakinarazi zuten atzo erietxeko informazio iturriek. Operatu egin behar izan zuten, eta Zaintza Intentsiboen Gunean dago. Horrez gain, 50 urteko Elizondoko autobus gidaria Iruñeko Bideko Ama Birjinaren Ospitalera eraman zuten, buruko traumatismoarekin. Autobusean zihoan 51 urteko donamariarra ere ospitale horretara eraman zuten, traumatismo torazikoa eta makatuak zituela. Batek zein bertzeak diagnostiko erreserbatua dute.

Gainerako zortzi lagunek zauri arinak dituzte eta Irungo Bidasoa Ospitalera eraman zituzten. Atzo eguerdian horietako seiri medikuaren senda-agiria eman zieten, tartean lau hilabeteko haur bati. Bertze bi zaurituak, halere, ingresatu egin zituzten: 27 urteko bidaiaria bat, sakroan traumatismoa zuela, eta 23 urtekoa bertzea, bizkarrean eta hanketan kolpeak zituelako.

La Baztanesako autobusa Iruña-Irun-Donostia bere ohiko bidea egiten ari zen, eta Elizondon eta Donezteben bidaiariak hartu ondotik, Sunbillara sartzeko bidegurutzean gertatu zen ezbeharra. Iruñera bidean zihoan Lindutx enpresako kamioiak ezin izan zuen saihestu autobusa.

Zortzi anbulantzia

Nafarroako Larrialde Agentziak zortzi anbulantzia mugiarazi zituzten Sunbillara, horietatik bat medikalizatua larrien zegoen zauritua artatzeko. Doneztebeko osasun zentruko larrialdiko bi mediku talde ere joan ziren Sunbillara. Oronoz-Mugairiko eta Iruñeko suhiltzaileek ere lagundu zuten zaurituak ibilgailuetatik ateratzen. Foru Poliziak, bere aldetik, trafikoa bertze bide batetik bideratu behar izan zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun