N-121A errepidean Sunbillako bidegurutzean istripu larria izan da asteazken goizeko 9ak eta laurden aldera. La Baztanesako lineako autobus batek eta Lindutx-Baztan enpresako kamioiak parez pare jo dute eta, lehen azterketa medikuaren arabera, 12 zauritu izan dira, horietatik 34 urteko Amaiurko kamioi gidaria hagitz larri dago. Autobusean zihoazen lau larri zaurituak daude eta bertze zazpik zauri arinak dituzte. Zaurituen artean, lau hilabeteko haurra dago, baina ez dago larri. Badirudi, autobusa N-121A erepidea gurutzatzen ari zela Sunbillara sartzeko eta Iruñerako norabidean zihoan kamioiak jo du.
Iruña eta Irungo ospitaletara
Larrien zegoen 34 urteko F.A.D. gidaria Nafarroako Ospitalera eraman dute, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean ingresatu dute. Larri zauritutako bertze bi lagun, 50 urteko Elizondoko autobus gidaria eta 51 urteko emakume donamariarra Iruñeko Bideko Amaren ospitalera eraman dituzte. Zauri arinak zituzten bertze lagunak Irungo Bidasoako ospitalera eraman dituzte.
Bederatzi anbulantzia
Nafarroako Larrialde Agentziak bederatzi anbulantzia mugiarazi ditu Sunbillara, horietatik bat medikalizatua larrien zegoen zauritua artatzeko. Doneztebeko osasun zentruko larrialdiko bi mediku talde ere joan dira Sunbillara. Oronoz-Mugairik eta Iruñeko suhiltzaileek ere lagundu dute zaurituak ibilgailuetatik ateratzen.