Felix Etxeberriak ezustekoa eman zuen herrian eta aitzinera egin du Urrezko Aizkoran

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 16a

Patxi Mindegia zubietarra, aldiz, kanporatu egin zuten Sunbillan

Etxeberriak, Lasak eta Vicentek aitzinera egin zuten Urrezko Aizkoran, igandean Sunbillan jokatu ziren hiru kanporaketetan nagusi izan baitziren. Legorretakoak eta Otsagabikoak irabaztea ez da gauza berria, baina Felix Etxeberriak eman zuen ezustea herritarren aitzinean, Luix Txapartegi mendean hartuta. Aizkolari guziek lan bera zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondotik, erlojuaren kontra tamaina bereko enborra moztu behar zuten. Hori akitutakoan, kana-erdiko enborra zutik zuten mozteko, eta azkenik, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zuten. Ikusmin handia piztu zuen saioak, eta zaleek ere ongi erantzun zuten. Bigarren aldiz jokatu da aurten txapelketa hau Sunbillan. Hiru neurketak ziren erakargarriak, hiruretan ere izena zuten aizkolariak baitziren.

Patxi Mindegia kanporatua

Zaleek bazuten Patxi Mindegia ikusteko gogoa. Mielen semeak lan ederra egin du orain arte. Lehen kanporaketatik zetorren, baina Sunbillan agur erran behar izan zion lehiaketari. Zubietakoak proba bakarra bereganatu ahal izan zuen, abiadura proba, gainerako hirurak Otsagabiako Daniel Vicentek eraman baitzituen. Vicentek lan guztiak, 9 minutu eta 56 segundotan burutu zituen; Mindegiak, aldiz, 11 minututan, eta 9 segundotan.

Lasa eta Mugertzaren artean Legorretakoa nagusi

Lasaren eta Mugertzaren arteko lehia ere erakargarria zen. Legorretakoa zen faborito, baina Mutrikukoak irabazi izan balu ere ez zen inor harrituko. Halere, jokatutako lan guztietan Lasa izan zen nagusi; lan guztiak burutzeko, 10 minutu eta 52 segundo behar izan zituen. Mugertzak 12 minutu eta 24 segundotan akitu zituen lanak.

Felix Etxeberriak ezustea eman zuen

Hala ere, igandeko ezusterik handiena Felix Etxeberriak eman zuen Luix Txapartegi mendean hartuta. Sunbillako aizkolaria lehen kanporaketatik ari da jokatzen. Bera Lehen Mailako finaletan ohiko izaten hasi zen, baina gero eritasun bat zela-eta aizkora utzi behar izan zuen. Orain eritasuna gainditu eta lan ona egiten ari da, batez ere lan laburretan. Txapartegi, berriz, Lehen Mailan egoteaz gain, azken urte hauetako finaletan izan da. Igandean, Etxeberria nagusi izan zen lehendabiziko saiotik azkenekora bitarte, eta aldea batez ere zutikako enborrean atera zuen, hortxe erabakita utzi baitzuen neurketa. Sunbillakoak, gainera, saioko ekinaldi guztiak bereganatu zituen. Lan guztiak burutzeko, 10 minutu eta 7 segundo behar izan zituen.

Felix Etxeberria Lopezen kontra eta Jon Rekondo Atutxaren kontra datorren asteburuan

Urrezko Aizkora bere unerik garrantzitsuenera iristen ari da, eta hurrengo kanporaketak ere bikainak izango direla aurreikusten da; Felix Etxeberriak Lópezen aurka neurtu beharko ditu indarrak. Daniel Vicentek, berriz, Iñaki Azurmendirekin jokatu beharko du. Aitzol Atutxak Jon Rekondo dauka zain, eta Lasak, berriz, Arria V.arekin jokatuko du. Kanporaketa hauek datorren asteburuan izango dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun