Asteazkenean, apirilaren 16an, denboraldi honetako Bidasoako lehendabiziko izokina arrantzatu du Jose Luis Lopez hondarribiarrak Endarlatsan, alegia, “lendabiziko” izena hartzen duena. Ohore handia izaten da lehen alea harrapatzea eta beti ikusmin handia pizten du arrantzale eta oro har jende guztiaren artean. Lehenagokoek zioten eguraldi ederra egiten zuenean ez zela arrantzatu behar, baina egia errateko asteazken goizeko eguraldi ederra ikusita bertzelakorik erran daiteke. Egia da beti eguraldi gris eta euritsuarekin lotzen dugula “lenbizikoa” arrantzatzea, baina beti salbuespenak ematen dira.
Hirugarren lenbizikoa
Hondarrabiako 69 urteko Jose Luis Lopezek badaki zer den “lenbizikoa” ateratzea, baina hala ere, beti berezia izaten da momentu hau. Endarlatsan gertatu da, goizean goiz, 8ak baino lehen eta arraroa den arren, lehen tiraldian harrapatu du. Egokitu zaion tokia ez zuen batere gustukoa Jose Luisek eta hurrengo txandan errekaren bertze aldera joatea pentsatu du. Dena den, inork gustuko ez duen tokian hartu du ale ederra kutxarila deritzon sistema erabiliz.
4 kilo eta 400 gramo, 75 zentimetro
4 kilo eta 400 gramo pisatu du izokinak eta 75,5 zentimetroko luzera eman du. Harrapatu eta berehala guarda abisatu dute eta berak ezarri dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuaren zigilua, pisua, luzera eta izena aipatuz. Urean zegoenean, pisu gehiago izanen zuela pentsatu du Jose Luisek eta agian 6 kilo izan zitzakeela, baina uste baino meheago zegoen izokina. Borroka handia izan duen galdetu diogu: “Ez, ez da borroka asko egon. Borroka ongi egon da. Nahiko defendatu da eta hasieran beldur pixka bat eman dit, baino kasu egin dit eta errekaren kontra egin eta horrek neka arazi du. Nik dena den, gehiago neka arazteko baliatu dut. Itzuli egin da, puztenkadak eman ditu…baina ez da lan handiegia eman didan izokina izan. Defendatu da, baina ongi atera da.”
Segituan ohartu omen da izokina zela, pikatzeko moduagatik eta sorpresa handia izan da. Izokina izatea pentsaezina zela iruditu zaio. Hirugarren aldia da “lendabizkoa” harrapatzen duela: “Hirugarren aldia da. Lehendabizikoa 2000 urtean arrantzatu nuen, bigarrena orain bi urte eta gaur hirugarrena.” Atera duenean, ez omen zuen gogoan lehena zela eta denak zoriondu dutenean ohartu omen da. Iruñeko “Hartza” jatetxeak izokina erosteko interesa duela erran diote zorioneko arrantzaleari eta soilik beraiekin harremanetan jartzea geratzen zitzaion. Auskalo ze dirutza ordaintzen duten!
Ospakizun berezia
Lehen izokina arrantzatzean modu bereziren batean ospatzen ote den galdetu diogu. “ Noski, famili artean hagitz ongi pasako dugu. Nire emazteari deitu diot eta dudarik gabe afaltzera joanen garela eta primeran pasako dugu.” Ondotik, ehiza eta arrantza elkartekoek “lenbizikoa” arrantzatu izanaren saria eman diote. Fran Agarak eman dio ikurra eta momentu honen zain zeudela agertu digu.