Istripu larria izan da N-121A errepidean Sunbillako bidegurutzean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 16a

TTIPI TTAPA

Lindutx-Baztan enpresako kamioi batek eta La Baztanesako autobusak jo dute elkar eta kamioi gidaria hagitz larri dago

N-121A errepidean Sunbillako bidegurutzean istripu larria izan da asteazken goizeko 9ak eta laurden aldera. La Baztanesako lineako autobus batek eta Lindutx-Baztan enpresako kamioiak parez pare jo dute eta, lehen azterketa medikuaren arabera, 12 zauritu izan dira, horietatik 34 urteko Amaiurko kamioi gidaria hagitz larri, autobusean zihoazen bertze lau larri eta zazpik zauri arinak dituzte. Badirudi, autobusa N-121A errepidea gurutzatzen ari zela Sunbillara sartzeko eta Iruñerako norabidean zihoan kamioiak jo du.

Iruña eta Irungo ospitaletara

Larrien zegoen gidaria eta bertze zauritu larri bat Iruñeko Nafarroako ospitalera eraman dituzte, larri zauritutako bertze bi lagun, 50 urteko Elizondoko autobus gidaria eta 51 urteko emakume donamariarra Iruñeko Bideko Amaren hospitalera eraman dituzte eta bosgarren zauritu larria eta zauri arinak zituzten bertze zazpi lagunak Irungo Bidasoako ospitalera eraman dituzte.

Bederatzi anbulantzia

Nafarroako Larrialde Agentziak bederatzi anbulantzia mugiarazi ditu Sunbillara, horietatik bat medikalizatua larrien zegoen zauritua artatzeko. Doneztebeko osasun zentruko larrialdiko bi mediku talde ere joan dira Sunbillara. Oronoz-Mugairik eta Iruñeko suhiltzaileek ere lagundu dute zaurituak ibilgailuetatik ateratzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun