Bere palmares bikaina osatzeko falta zitzaion txapel bakarra buruan du dagoeneko Aimar Olaizolak. Martxoaren 31n Gasteizko Ogeta pilotalekua jendez betea zegoela jantzi zuen Eskuz Binakako txapela goizuetarrak, Oier Mendizabal gibelean zuela. Bere zortzigarren txapela, hain zuzen. Titin III.a eta Aritz Laskuraini 22 eta 17 irabazi zioten. Pilotak erabakiorrak izan ziren, jokoa bizia izan zuen finalak eta markagailuan emozioz betea, 15 eta 7 galtzen joan baitziren Aimar eta Oier. Halere, partidari buelta eman eta garaipena etxeratu zuten. Horrez gain, aurtengo Euskadi Irrati saria ere Olaizola II.ak jaso du. Sariak binakako txapelketako pilotaririk onena saritzen du eta Olaizola II.ak 572 puntu batu zituen, Titin III.ak baino 11 gehiago. Aginte makila eta bere pisua ardotan jaso zuen. Bertzetik, Hernaniko Udalak ere harrera egin zion bikote txapeldunari. Mendizabal jaiotzez hernaniarra baita, nahiz eta Añorgan bizi. Oroigarria eman zieten.