Ander Erasunek marka pertsonala egin du 20 kanaerdiko ebakita

TTIPI TTAPA 2008ko api. 15a, 17:11

TTIPI TTAPA

Ander Erasunek marka bikaina egin zuen apirilaren 6an Donezteko pilotalekuan. Aurtizko aizkolariak 17 urte ditu, eta adin horretako marka ezarri nahi izan zuen 20 kanaerdiko moztuta, baita lortu ere. Miel Mindegia eta Lorentzo Apezetxea erakusleak alboan zituela, 52 minutu eta 49 segundo behar izan zituen aurtiztarrak lanak akitzeko, denbora bikaina egin zuen beraz. Aitzinetik ordubete inguru beharko zuela pentsatzen zuten aunitzek. Adin horrekin, soilik 20 kanaerdiko ebakitzea ere bada berez nahiko erronka, baina agerian geratu da Erasunek baduela aizkorarako dohainik

Egia da eramandako enborrak onak eta gozoak atera zirela, baina orain arte 17 urterekin inork egin ez duena egin zuen. Orain dela hilabete bat 18 urtez azpiko aizkolariei apustua jokatzeko asmoz azaldu zen Erasun. 16 kanardiko moztuz 6.000 euro paratu zituen jokoan, baina ez zuen aurkaririk aurkitu eta marka ahalegina egiten saiatu zen. Jendeak ere erantzun ona eman zuen, eta 400 ikusle inguru bildu ziren Doneztebeko pilotalekuan. Jaialdian bere saioa bakarrik izan arren, jendeak ederki gozatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun