Aparteko 600.000 euro banatuko ditu Gobernuak eskualdeko udaletan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Nafarroa osoko udalerrien artean 10 milioi euro bideratuko ditu

Nafarroako Gobernuak aparteko laguntza bideratuko du aurten Nafarroako Udaletara. Guztira 10 milioi euro banatuko ditu, eta horietatik 603.570,47 euro eskualdeko herrietan eginen ditu. Laguntza herri bakoitzaren biztanleriaren arabera banatuko da, herrien finantzazio bideak hobetzeko helburuarekin. Horretarako, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuetan oinarritu dira, 2007ko urtarrilaren 1ean herri bakoitzak zuen biztanle kopurua aintzat hartuz, hain zuzen. Amelia Salanueva Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak apirilaren 11n egindako aurkezpenean erran zuenez, biztanleriaz gain, «justizia eta proportzionaltasun-irizpideak» ere aintzat hartu dituzte banaketa egiterakoan.

Herriz herri

Honela, Aranoko Udalak 2.904,75 euro jasoko ditu; Arantzakoak 14.821,09 euro; Aresokoak 6.587,15 euro; Baztangoak 179.476,96 euro; Beintza-Labaiengoak 5.900,99 euro; Berakoak 84.260,62 euro; Bertizaranakoak 15.151,30 euro; Donamariakoak 9.606,26 euro; Doneztebekoak 34.811,26 euro; Elgorriagakoak 5.008,98 euro; Eratsungoak 3.842,50 euro; Etxalarkoak 18.320,51 euro; Ezkurrakoak 4.254,20 euro; Goizuetakoak 18.640,72 euro; Igantzikoak 13.860,46 euro; Iturengoak 10.909,97 euro; Leitzakoak 66.077,35 euro; Lesakakoak 63.355,57 euro; Oitzkoak 3.522,30 euro; Saldiaskoak 2.744,65 euro; Sunbillakoak 15.141,30 euro; Urdazubikoak 7.959,47 euro; Urrozkoak 4.185,58 euro; Zubietakoak 7.067,46 euro eta Zugarramurdikoak 5.169,08 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun