Educa programa eskura dute Berako Toki-Ona eta Lekarozko Institutuetako gurasoek

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Seme-alaben ikasketei buruzko jakingarriak Internet bidez eskuratzen ahal dituzte

“Educa” Nafarroako Gobernuaren eskola kudeaketarako aplikazio bat da eta Nafarroako Eskolaldi kudeaketa izena hartzen du. “Educa” programak lehenagoko “Edujes” programa ordezkatzen du. Azken honek bazituen 12 urte indarrean zela. 2006-07 ikasturtean jarri zen martxan bigarren hezkuntzan, gehienbat barruko informazioa jaso ahal izateko eta oraindik orain bere aplikazioa ez da erabatekoa. Lekaroz institutuak 2007-08 ikasturte honetako bigarren hiruhilekoan sartu du, baina adibidez, Berako Toki Ona institutuak ikasturte osoa darama sistema berri honekin lanean.

Seme-alaben ikasketei buruzko jakingarriak

Bertan ematen diren datuen bitartez, gurasoek interneterako konexio bat nahikoa izanen dute seme-alaben kalifikazioa edo hutsegiteen berri izateko. Behin irakasleek ebaluazio bilera egin ondotik, notak “Educa”n sartu eta etxetik begiratzen ahal dira. Horrez gain, jarrera, etorrera datuak eta disziplina arazoen inguruko informazio eguneratua bildu daiteke. Bertan ikastetxe beraren informazioa jaso daiteke eta horrez gain, estatu osoko bertze ikastetxeen datu baseak ere ageri dira.

Harreman zuzenari uko egin gabe

Dena dela, “Educa” programak izan dezakeen eragozpena harreman birtual eta hotzak bultzatzen direla da. Baina ikastetxeetatik adierazitakoaren arabera, beti garrantzi handia ematen zaio irakasle eta gurasoen arteko harreman zuzenari eta hori dela eta, ikasturtean zehar 2-3 elkarrizketa izaten dituzte tutorearekin. “Educa” programaren helburu nagusiak ikasketa prozesuaren kudeaketa gauzatzea eta ikasleen kontrola zorrotzagoa izatea da, nahiz eta hau sobera begi onez ez ikusi ikasleek berek.

Gabeziak

Elizondoko Lanbide eskolan gauzak motelago doaz eta oraindik erabilpena murritza da. Beraz, soilik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko gurasoen esku dago. Serbidorean informazio aunitz eskura daiteke, baina beti ere teknikoki hobetu beharra dago, garraioa bezalako gai garrantzitsua kanpoan geratu baita. Tresna ona da, baina oraindik ere hastapenean dagoenez, gabeziak dituela uste dute ikastetxeetan. Irakaskuntza mailan harrena ona izan du eta nahiz eta makurrena pasatua egon, kultura berri baten atarian gaudela erraten ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun